Gizartea -
KORONABIRUSA
Zertxobait hobera egin dute datuek EAEn: 280 kasu eta % 4,6ko posititibitate tasa
32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 87 daude une honetan ZIUn, bezperan baino 4 gutxiago.
E. J. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 280 positibo berri atzeman ditu azken orduetan covid-19n, larunbatean egindako 6.119 proba diagnostikoetan; beraz, positibotasun tasa % 4,6 jaitsi da. Bezperan, 326 kasu berri zenbatu zituzten, 5.342 probaren artean, eta positibotasuna % 6,1ekoa izan zen.
Duela astebete, martxoaren 14an, 295 positibo eta positibotasun tasa % 4,9koa izan zen.
Data horretatik, tasak gora egin du eta % 5,4 ostegunean zein % 6,1 ostiralean erregistratu ziren.
Lurraldeka, atzo, larunbata, 160 kasu berri atzeman zituzten Bizkaian, 81 Gipuzkoan, 35 Araban, eta 4 beste autonomia-erkidego edo jatorri batzuetakoak.
Gainera, atzo 32 pertsona ospitaleratu zituzten plantan covid-19a dela eta, eta une honetan 87 pertsona daude ZIUn, aurreko egunean baino lau gutxiago.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango du udalerriei buruzko informazioa, baita R0 indizea eta 100.000 biztanleko tasa metatua ere.
Baheketak eta PCR probak Ataunen eta Bilbon
Bestalde, PCR probak egitera deitu ditu Osakidetzak martxoaren 5etik 20ra Ataungo hiru tabernatan ibili diren pertsonei. Bihar, astelehena, izango dira probak.
Bilbon, berriz, gimnasio bateko erabiltzaileei eta langileei ari zaizkie probak egiten atzo eta gaur Basurtuko ospitalean.
Nafarroako datuak
Hainbat egunez 100 kasu baino gehiago izan ostean, atzo, larunbata, covid-19an 89 positibo berri atzeman zituzten Nafarroako Foru Erkidegoan, bezperan baino 13 gutxiago.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako behin-behineko datuen arabera, atzo 1.291 proba diagnostiko egin ziren (bezperan baino 40 gehiago) eta % 6,9k eman zuten positibo.