Gizartea -
Koronabirusa
Txertaketa kanpainaren erradiografia EAEn, AstraZenecako etenaren ostean
80 urtetik gorakoak eta osasun-langileak txertatzen jarraitzen du Osakidetzak, Pfizer eta Moderna enpresen dosiekin. 70 urtetik gorakoak izango dira hurrengoak.
EITB MEDIA
Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainak aurrera darrai Euskadin, AstraZenecako txertaketa behin-behinean eten badute ere. Hain zuzen, 80 urtetik gorakoak eta osasun langileak txertatzen ari da une honetan Osakidetza, Pfizer eta Moderna enpresetako dosiekin.
Atzo, Espainiako Gobernuak eta erkidegoek AstraZenecako txertaketa 15 egun gelditzea adostu zuten, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txerto horri buruzko behin betiko ondorioak kaleratu arte. Frantzian, Alemanian eta Italian ere eten egin zuten.
EMAk ostegunean publikatuko ditu bere ikerketaren emaitzak, baina dagoeneko aurreratu du AstraZenecako txertoa segurua dela eta ez dutela loturarik atzeman Europako zenbait herrialdetan jazotako tronbosi kasuekin. Hori horrela, txertoaren onurak arriskuak baino askoz gehiago direla adierazi du.
Gaur, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei berriz. Izan ere, Euskadin AstraZenecaren txertoko 50.474 dosi jarri dituzte dagoeneko, eta ez da eman albo-ondorio larririk. Aste honetan, beste 24.000 jarri behar zituzten, baina geldiarazi egin dituzte.
Bestalde, Jaurlaritzak berrantolatu egin beharko ditu txertaketa guneak, egun txertatzen ari diren kolektiboen (80 urtetik gorakoak eta osasun langileak) baldintzen arabera egokitzeko.
Pfizerren eta Modernaren dosi gehiago
Sagarduik azaldu duenez, atzo Pfizerren 30.420 dosi heldu ziren, eta Modernaren 10.600.
Orain arte, 30.565 txerto jarri dituzte 90 urtetik gorakoen artean, hau da, populazio horren % 89,3 txertatu dituzte. 80 urtetik gorakoen kolektiboan, aldiz, 31.493 dosi jarri dituzte (herritar horien % 24).
100 urtetik gorakoen artean dagoeneko bukatu dute lehen dosia ematen, eta hurrengo taldea 70 urtetik gorakoak izango dira. Hori bai: oraindik ez dago datarik, heldutako dosi kopuruen araberakoa izango baita.
Orotara, 248.308 txerto jarri dituzte orain arte Euskadin; horietako 68.035, bigarren dosiak.
Lehen dosia jaso dutenen artean, 974k eman dute positibo, hau da, eraginkortasuna oso handia da, % 99,44koa. Bigarren dosia jarrita dutenen artean, are handiagoa da eraginkortasuna, espero bezala: % 99,87a, eta % 99,93koa bigarren dosia jaso zenetik astebete baino gehiago pasatu eta gero.
Nolanahi ere, Jaurlaritzak kezka agertu du, azken egunetako datuek okerrera egin dutelako. "Tendentzia aldaketa egon daitekeela dirudi", ohartarazi dute.