Gizartea -

KORONABIRUSA

394 positibo berri atzeman dituzte Euskadin eta birsorkuntza tasa 1,11raino igo da

Intzidentzia-tasa metatuak gora egin du, 203raino. Ospitaleko presioak gela arruntetan hobera egiten jarraitzen du, eta positibotasuna % 4,6tik % 4,3ra jaitsi da azken 24 orduetan.

Txagorritxuko osasun-langileak. Argazkia: EFE.
Arabako Unibertsitate Ospitaleko covid guneko osasun-langileak
Pandemiak berriro goranzko joera har dezakeela ohartarazi du Sagardui sailburuak

1:36

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin covid-19aren birsorkuntza tasa (pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) hamar puntu igo da azken 24 orduetan, 1,11raino; hau da, gaixo batek 1,11 pertsona kutsa ditzake dagoeneko. Araba zen igandean indize onena zuen lurraldea (0,94), baina atzo 1,13raino igo zen; atzetik ditu Bizkaia eta Gipuzkoa, 1,11rekin.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasak gora egin du astelehen honetan, eta 203,25ean kokatu da, hau da, igandean (201,98) baino bi puntu gorago, eta bost egun daramatza jarraian apurka-apurka gora egiten.

Araban izan du igoera handiena, 212,2tik 220,4ra igaro baita; Gipuzkoan, 181,9tik 182,8ra pasatu da; eta egonkor dago Bizkaian, 206,5ean.

Hiru hiriburuei dagokienez, metatutako tasak gora egin du hiruretan. Gasteizen 254,5era igo da, Bilbon 224,5era eta Donostian 95,9ra.

Horiek dira, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19ak izan duen eragina zertxobait igo dela egiaztatzen duten adierazleetako bi, asteleheneko buletin epidemiologikoan jasotako azken datuen arabera.

Astelehenean kasuek gora egin zuten, 394 positibo berri atzeman baitituzte, bezperan baino 148 gehiago, baina atzo 9.259 test egin zituzten, aurreko egunean baino ia 4.000 gehiago.

Horrenbestez, egindako probekin alderatuta, positibotasuna hiru hamarren jaitsi da Euskadin azken orduetan: % 4,6tik % 4,3ra. Adierazle horrek, dena den, lau egun daramatza % 5etik behera, martxoaren 11n % 5,2an kokatu ostean.

Bizkaian, 187 kasu berri atzeman dituzte; Gipuzkoan, 116; Araban, 89; eta EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak ere eman dute positibo.

Bestalde, 98 gaixo daude zainketa intentsiboen unitateetan, aurreko egunean baino bat gehiago, eta ospitaleratze berriak 34 izan dira, hau da, igandean baino 20 gehiago. Hala ere, gela arruntetan dauden pazienteen kopurua 224ra jaitsi da, eta 236 zeuden bezperan.

Gainera, intzidentzia-tasen arrazoia (14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) hazten ari da, eta 0,99 da Euskadi osoan (0,97 zen igandean).

Astearte honetan, 77 ikasgela itxi dituzte Euskadin, covid-19aren kasuren bat detektatu ostean, astelehenean baino 22 gutxiago; hau da, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelen eta derrigorrezko hezkuntza postunibertsitarioraino dauden eskolen % 0,44.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak