Gizartea -
Koronabirusa
EAEn positibo berrien % 50 dira aldaera britainiarrarenak
Gainera, aldaera hegoafrikarreko bi kasu eta brasildarreko bat atzeman dituzte, baina "oso ongi" identifikatu omen dute horien jatorria "erkidegotik kanpo".
agentziak | eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du aldaera britainiarrarekin kutsatzen direla kasu berrien % 50 inguru EAEn, eta oraingoz Hego Afrikako aldaeraren bi kasu atzeman dituztela; eta Brasilgoarena, bat.
Sailburuak agerraldia egin du Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, LABIren batzarraren ostean.
Osasun arduradunak zehaztu du, datu horiek eskuartean, "gainerako erkidegoen batez bestekoaren barruan" dagoela, % 20tik % 80ra artean kokatzen baita portzentajea Estatuko gainerako erkidegoetan.
Brasilgo aldaerari dagokionez, sekuentziazio teknikarekin kasu bat baieztatu dute, baina beste kasu susmagarri bat ere badago. Hego Afrikakoaren kasuan, bi kutsatu daudela berretsi du.
Sagarduik argitu du, bai Hegoa Afrikakoaren bai Brasilgoaren kasuetan, "oso ongi" identifikatuta dagoela jatorria "erkidegotik kanpo".