Gizartea -
Koronabirusa
Hobekuntzak 'mantsotzen' jarraitzen badu neurriak hartuko dituztela esan du Sagarduik
Beharrezkoa izanez gero, egoera iraultzeko "neurri zehatzak" hartuko dituztela adierazi du. Osakidetza ikertzen ari da Santa Marina ospitaleko langile bat kutsatu egin ote den txertoa jasota ere.
agentziak | eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du datozen egunetan egoera epidemiologikoaren hobekuntza "mantsotzen" ari dela baieztatzen bada, eragina izan dezakeela LABI Aholku Batzordeak ostiralean iragar ditzakeen neurrietan; beharrezkotzat jotzen badute, egoera iraultzeko "neurri zehatzak" hartuko dituztelako.
Sagarduik agerraldia egin du gaur Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren ostean, eta berretsi egin du pandemiaren datuen hobekuntza mantsotu egin dela azken asteotan.
Hori horrela, ohartarazi du covid-19aren erreprodukzio indizea "hazi" egin dela 0,88raino. Osasun Sailak aurreko astetik aurreikusten duen "antsotzea" baieztatu egin dela azpimarratu du.
Sagarduik gogorarazi duenez, EAE urrun dago 100.000 biztanleko 60ko intzidentzia tasatik, eta Zainketa Intentsiboen Unitateetan oraindik egoera zaila da.
Aldaerak
Sailburuak egoera kontuan izateko eskatu du; horregatik, "zuhurtzia"rako deia egin du. Gainera, koronabirusaren aldaera berriek "zalantza" berriak sortzen dituztela azpimarratu du. Horren harira, aldaera britainiarrak "zabaltzen jarraitzen" duela azaldu du, eta EAEn atzemandako kasuen % 39,73 aldaera horrenak direla. Dena dela, adierazi du oraingoz ez dutela "kutsakortasun handiagoa" atzeman aldaera horretan.
Era berean, Hego Afrikako aldaeraren bi positibo eta Brasilgoaren beste bat atzeman dituztela baieztatu du. Guztietan lortu omen dute birusaren transmisioa "identifikatzea" eta "kontrolatzea", azaldu duenez.
Txertaketa
Sailburuak jakinarazi du Osakidetzak koronabirusaren aurkako txertoaren 133.596 dosi banatu dituela jada, eta aste honetan amaituko dela Osakidetzako langileen txertaketa. Gainera, sektore soziosanitarioko profesionalen artean dosiak banatzen jarraituko dutela gogorarazi du.
Santa Marina
Sagarduik Santa Marina ospitaleko (Bilbo) koronabirus agerraldia ere izan du hizpide, eta azaldu du ez dakiela zein den agerraldiarekin kutsatu den profesionala. Hala ere, aitortu du "litekeena" dela pertsona horrek covid-19aren aurkako txertoa jaso izana, zentro horretako profesional "guztiek" jaso zutelako "duela aste batzuk".