Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiak 157.000 kutsatu eta ia 4.000 hildako utzi ditu urtebetean, Euskadin

Covid-19a ofizialki 2020ko otsailaren 28an heldu zen EAEra. Eusko Jaurlaritzak aurreneko bi kasuak baieztatu zituen orduan, baina koronabirusa lehenago iritsi zen erkidegora.

Galdakaoko (Bizkaia) Ospitaleko ZIUa. Argazka: EFE
Galdakaoko (Bizkaia) Ospitaleko ZIUa. Argazka: EFE
Galdakaoko (Bizkaia) Ospitaleko ZIUa. Argazka: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19a ofizialki 2020ko otsailaren 28an heldu zen Euskal Autonomia Erkidegora. Eusko Jaurlaritzak aurreneko bi kasuak baieztatu zituen orduan, eta urtebete geroago ia 157.000 kutsatu eta 3.797 hildako utzi ditu Euskadin.

Hala ere, koronabirusa lehenago iritsi zen erkidegora, baina aurreneko positiboen berri otsailaren 28an eman zuten. Data horretatik aitzinera denak okerrera egin zuen, itxialdia eta murrizketak ezarri zituzten. Orain itxaropenak txertaketa prozesua lehenbailehen aurrera eramatean jarrita daude, normaltasunera itzultzeko.

Aurreneko bi kasuak Milanera bidaia egin zuen emakume gipuzkoar bat eta egun batzuk lehenago Andaluziara joan zen Txagorritxu Ospitaleko erizain bat izan ziren.

Azken kasuarekin lotuta, agerraldi garrantzitsu bat izan zen Txagorritxuko Ospitalearen langileen artean, Espainiako Estatuan lehenetarikoa.

Heriotzak egun batzuk geroago gertatu ziren. Martxoaren 4an lehenengoa baieztatu zuten. 82 urteko paziente bizkaitar batek ez zuen infekzioa gainditu; aldez aurretik patologia anitz zituen. Espainiako Estatuan ofizialki gertatu zen bigarren heriotza izan zen.

Egoera kezkagarria

Urtebete geroago egoerak kezkagarria jarraitzen du izaten, baina pandemiaren bilakaera neurtzeko erabiltzen diren adierazleak hobetzen ari dira.

Azken 14 egunetako intzidentzia 100.000 biztanleko 300era jaitsi zen asteazkenean, eta positibotasun tasak egunak daramatza % 5aren azpitik. Gauzak horrela, transmisio komunitarioa kontrolpean dagoela diote datuek.

2020ko otsailaren 28tik 2021eko otsailaren 24ra, positiboen eta heriotzen berri eman duten azken egunaren arabera, 156 745 kutsatu, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 7a, eta 3797 hildako zenbatu dituzte erakundeek.

Kutsatuen % 53,1 emakumezkoak izan dira, eta % 46,9 gizonezkoak.

Bestalde, 0-9 adin tartean hildako bakarra izan da; 10-19 adin tartean, ostera, ez da heriotzarik izan, eta 20-29 tartean hiru pertsona hil dira.

Gainerako adin tarteetan heriotza kopuruak gora egiten du. Horrela, 30-39 urte arteko 11 pertsona hil ditu koronabirusak, 32 (40-49), 80 (50-59) eta 271 (60-69).

70-79 adin tartean 684 dira hildakoak, eta 80 eta 89 urte arteko pertsonen artean kopuruak izugarri gora egiten du: 1.597. Gauza bera gertatzen da 90 urtez gorakoekin: 1.101 heriotza.

Txerto eskasia

Biztanleriaren portzentaje handi bat txertatzeko hilabeteak beharko dira oraindik. Prozesu motela ari da izaten, dosien eskasiagatik.

Azken datu ofizialen arabera, 45.866 pertsonak bi dosiak hartu dituzte, gehienak egoitzetako adinekoak eta profesionalak, eta Osakidetzako osasun-langileak, EAEko biztanleriaren % 2 soilik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea