Gizartea -

Koronabirusa

Gaur ekingo diote 90etik gorakoen txertaketari Hego Euskal Herrian

Osakidetza eta Osasunbidea pertsona horiekin harremanetan jartzen ari dira txertaketa noiz eta non izango den jakinarazteko. Nafarroaren kasuan, Iruñea, Lizarra eta Tutera ingurukoekin hasiko dira.

Osasun langile bat adineko pertsona bat txertatzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat adineko pertsona bat txertatzen
Osasun langile bat adineko pertsona bat txertatzen. Argazkia: EFE

E. G.- E.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, hasiko dira 90 urtetik gorako pertsonak covid-19aren aurka txertatzen bai Euskal Autonomia Erkidegoan baita Nafarroan ere.

Horretarako, Osakidetza zein Osasunbidea pertsona horiei deitzen ari dira, txertaketa noiz eta non egingo zaien jakinarazteko.

Pandemiaren bilakaerari eta txertaketa kanpainari buruz Gasteizen egindako agerraldian, Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak ostiralean gogorarazi zuen 90 urtetik gorako pertsonei Pfizerren prestakina emango dietela.

Gainera, 100 urte baino gehiagoko pertsonekin egiten ari diren bezala, 90 urteko gorakoen immunizaziorako ere Osakidetzako osasun zentroak "lehenetsiko" direla esan zuen.

Nafarroan ere, Pfizerren txertoa erabiliko dute kolektibo honekin.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, Iruñerriko, Lizarraldeko eta Tutera inguruko eskualdeetako adinekoekin hasiko dira aste honetan. Ondoren, herrialde osoko adinekoak sartuko dira zerrendan.

Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen txertaketa hasiko da Donostian eta Gasteizen

Bestalde, Gasteizko Udaleko Lan Osasuneko Unitateak AstraZeneca txertoa emango die astelehen honetan, martxoak 1, Udaltzaingoko langileei eta 55 urtetik beherako Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuari. Zehazki, 379 udaltzaini eta 113 suhiltzaileri jarriko diete txertoa.

Donostiako Udalak ere txertaketa kanpaina hasiko du astelehen honetan. Kasu honetan, 246 udaltzain, 88 mugikortasun agente eta 94 suhiltzaile daude txertoa hartzera deituta. Horiei guztiei udal bulegoetan jarriko zaie txertoa.

Bilbon, otsailaren 27an, larunbata, hasi ziren txertoa jartzen, eta 660 pertsonak jartzea espero dute: 489 poliziak eta 171 suhiltzailek. Miribillako gimnasioan ari dira txertaketa egiten eta 4-5 egun iraungo ditu prozesuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak