Gizartea -

Koronabirusa

Hasi da EAEn 100 urtetik gorakoen txertaketa kanpaina

Guztira, 25 txertaketa gune ezarri dituzte eta horietako hirutan autotik jaitsi gabe jaso ahal dute txertoa adinekoek. Arratsaldez eta asteburuz ere jarriko dituzte txertoak.

Teresak (107 urte) Donostian jaso du txertoa. Argazkia: Irekia
Teresak (107 urte) Donostian jaso du txertoa
Hasi da 100 urtetik gorako pertsonen txertaketa

1:47

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak gaur ekin dio etxean bizi diren 100 urtetik gorako pertsonak txertatzeari. Horretarako, 25 txertaketa gune ezarri dituzte, eta hiru tokitan posible da gainera txertoa ibilgailutik jaitsi gabe hartzea (Donostia Ospitalean, Gipuzkoan; Santiago Ospitalean, Araban, eta Mungiako osasun-zentroan, Bizkaian). Arratsaldeetan eta asteburuetan ere jarriko dituzte txertoak.

Teresa Aguilar (107 urte) izan da Donostiako Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunean txertoa jaso duen lehendabizikoetako bat. 

Beatriz Arrillaga Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Guneko ikuskatzaileak hedabideen aurrean azaldu duenez, lehen egunean 24 pertsona deitu dituzte, bat sei minuturo. Lehen dosia jaso ondoren, pertsona horiek 20 minutu itxaron dute erreakzio nabarmendik ez zutela ikusi arte. Txertoak 10:00etatik 14:30era jarri dituzte.

Guztira, 25 txertaketa gune ezarri dituzte, eta handitzeko aukera ere aurreikusi dute:

Araba

ARABAKO ESI-A: AUO Santiago (ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko)

ARABAKO ERRIOXAKO ESI-A: Lezako ospitalea

Bizkaia

BARAKALDO-SESTAOKO ESI-A: Sestaoko, Barakaldoko eta La Paz osasun-zentroak

BARRUALDE-GALDAKAOKO ESI-A: Gernikako ospitalea; Galdakaoko, Basauriko, Laudioko eta Durangoko osasun-zentroak

URIBEKO ESI-A: Urdulizko ospitalea eta Mungiako osasun-zentroa (azken hori, ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko)

BILBAO-BASURTOKO ESI-A: Begoñako osasun-zentroa

EZKERRALDEA-ENKARTERRI-GURUTZETAKO ESI-A: Buenavistako eta Kabiezesko osasun-zentroak

Gipuzkoa

DONOSTIALDEKO ESI-A: Donostia ospitalea (ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko), Bengoetxea EAG eta Zarauzko DYA gela

GOIERRI-UROLA GARAIKO ESI-A: Zumarragako ospitalea eta Azkoitiko osasun-zentroa

TOLOSALDEKO ESI-A: Tolosako osasun-zentroa

DEBAGOIENEKO ESI-A: Arrasateko ospitalea

BIDASOAKO ESI-A: Irungo osasun-zentroa

DEBABARRENEKO ESI-A: Eibarko eta Mendaroko ospitaleak

Gainera, Osakidetzak lurralde bakoitzeko gune bat ezarri du; nagusiak beren ibilgailuan joan ahal dira gune horretara, eta txertoa ibilgailutik irten gabe emango zaie. Donostia Ospitalean (Gipuzkoa), Santiago Ospitalean (Araba) eta Mungiako osasun-zentroan (Bizkaia) daude gune horiek. Praktika hori eraginkorra bada, aurrerago gune gehiago ezartzea baloratuko da.

Txertaketa modu mailakatuan egingo dute. Hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka pertsona horiekin harremanetan jarriko dira txertoa jartzeko eguna, tokia eta ordua emateko. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, ahal dela, "osasun zentroetan egingo dugu, baina posible ez den kasuetan, etxebizitzara joango gara".

Aste honetako txertaketa plana

Txertaketa kanpainari dagokionez, orain arte covid-19aren kontrako 117.098 txerto jarri ditu Osakidetzak: horietatik 71.697 lehen dosiak dira, eta 45.401, bigarrenak.

Aste honetan, talde hauek babestea aurreikusi dute: adineko zentroetako erabiltzaile eta langileak txertatzen amaitzea, Osakidetzako lehen lerrokoak ez diren beharginak immunizatzea ("Lehen lerroko guztiak babestuta daude, eta gainerakoen herena", Sagarduiren esanetan), osasun pribatuko lehen lerroko langileak txertatzen jarraitzea, baita funtsezko lanetan dabiltzan ertzain, udaltzain, suhiltzaile eta eguneko zentroetako langileena ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Araba Eusko Jaurlaritza Mungia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Euskadiko adinekoak