Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak otsailaren 26an zabalduko du berriz tabernen eta jatetxeen barrualdea
Gainera, eremu pribatuan sei pertsona bildu ahalko dira. Dena den, itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eutsiko dio martxoaren 11ra arte gutxienez.
E. G. | EITB MEDIA
Nafarroak apur bat arinduko ditu covid-19aren kontrako neurri murriztaileak, eta hala, datorren ostiralean, hilaren 26an, barrualdea zabaldu ahalko dute berriro Nafarroako tabernek eta jatetxeek, betiere % 30eko edukierarekin. Horrez gain, egun horretatik aurrera, eremu pribatuko bilkurak sei pertsonakoak izan ahalko dira (orain arte laukoak baimentzen ziren gehienez). Dena dela, erkidegoaren itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eutsiko dio beste 15 egunez.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, datuen "bilakaera ona" aintzat hartuta. Santos Indurain Osasun kontseilariak zehaztu duenez , "arrisku oso handia izatetik arrisku handira" igaro da foru erkidegoa.
Indurainen ustez, "malgutze partzial eta progresibo bat egin behar da, kutsatzeak gutxitu eta txertaketa kanpainan aurrera egiteko". Azaldu du Nafarroa bide hori egiten ari dela, baina "egoera normalizatu batetik urrun" dagoela oraindik. "Malgutzea bai, baina lasaikeriarik, ez", ohartarazi du.
Malgutze neurriok hilaren 26an sartuko dira indarrean. Tabernek eta jatetxeek euren establezimenduen barrualdea % 30eko edukierarekin zabaldu ahalko dute, eta eremu pribatuan, bizikidetza unitate bikoa izango da (gehienez sei pertsona).
Merkataritzari eta aisialdi, kultura eta kirol ekitaldiei dagozkien neurriak datozen egunetan zehaztuko dituzte, sektoreekin bildu ostean.
Neurriok martxoaren 11ra arte egongo dira indarrean, eta luzatu edo aldatu ahalko dira egoera epidemiologikoaren arabera.
Nafarroak 214 kasuko intzidentzia tasa metatua du (14 egunetakoa, 100.000 biztanlekoa), eta 75,36koa, azken zazpi egunetakoari dagokionez. Halaber, positibotasun tasa hainbat egunez egon da % 5etik behera. Ospitaleetako egoera egonkor dago: 89 gaixo daude gela arruntetan eta 23, ZIUetan, aurreko asteetan baino nabarmen gutxiago.