Gizartea -
KORONABIRUSA
Anbulantzietako langileek atzerapenik gabe txertatzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Langileek salatu dutenez, ez dute txertorik jaso, birusaren aurkako lehen lerroan lan egin eta kutsatutako gaixoak egunero eraman arren. Greba mugagabearen aukeraz ohartarazi dute.
EITB MEDIA
Anbulantzietako ehun langilek baino gehiagok elkarretaratzea egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzen aurrean, covid-19aren aurkako "lehen lerroan" lan egin arren oraindik txertorik jaso ez dutela salatzeko eta "atzerapenik gabe" txertatzea eskatzeko.
Osasun garraio zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Donostia Ospitalearen aurrean, eta Jaurlaritzaren "tratu umiliagarria eta iraingarria" salatu dute gaur, Bilbon.
ELA, LAB, CCOO, LSB-USO eta CNT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Osasun Sailaren egoitzaren aurrean, Errekalde Zumarkaleko zati bat moztuz, eta, ondoren, manifestazioa egin dute Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaraino.
Anbulantzietako langileek ohartarazi dutenez, txertoa jartzeko eskakizuna egun batzuen buruan betetzen ez bada, 1.500 profesional inguru biltzen dituen sektorean "greba mugagabea" egiteko deialdia egingo dute.
Axlor Riezu LSB-USOko ordezkariak salatu du covid-19aren aurkako "lehen lerroan" lan egiten duten eta kutsatutako gaixoak egunero garraiatzen dituzten langileei ez zaiela txertoa jarri.
Horren arabera, Osakidetzaren menpe dauden langileak (langile guztien % 1) "txertoa jarrita dute", baina gainerako % 99ek, azpikontratatuek, txertoaren "zain eta berririk gabe" jarraitzen dute.