Gizartea -

KORONABIRUSA

Positibotasuna ia puntu bat igo da, eta positibo berriak 771era heldu dira

Intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du 14 egunetan, eta 348,64 kasu daude 100.000 biztanleko. Gainera, ospitaleen egoerak okerrera egiten jarraitzen du 74 ospitaleratze berrirekin.

Argazkia: EFE.
Nafarroako zainketa intentsiboetako unitatea
Adierazle guztietan goraka egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoak

1:18

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, 771 positibo berri atzeman dituzte Euskadin azken orduetan, asteartean baino 36 kasu gehiago. Halaber, positibotasun tasa % 5etik % 5,9ra igo da, proba diagnostiko gutxiagorekin.

Koronabirusaren intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du 100.000 biztanleko 14 egunetan, 348,64 kasuraino, astearteko 336,68 kasuen gainetik. Igoera hiru lurraldeetan erregistratu da: 350,81 Bizkaian (335 asteartean), 334,65 Gipuzkoan (331,87 asteartean) eta 340,09 Araban (323,73 asteartean).

Osasun Sailak jakitera eman duenez, asteazken honetan 13.021 proba egin dituzte, aurreko egunean baino 1.628 gutxiago, eta horietatik 771k positibo eman dute, kutsatze tasa % 5,9koa izan baita. Atzemandako kasu berriek eta positibotasun indizeak okerrera egin dute astearteko datuekin alderatuta, orduan 735 kutsatze berri izan baitziren, eta tasa % 5ekoa izan zen.

R0 kopurua egonkor mantendu da eta 1,24an kokatu da (1,24 asteartean), baina ospitaleen egoerak okerrera egin du; izan ere, 74 gaixo ospitaleratu zituzten asteazken honetan, eta dagoeneko 368 gaixo daude gela arruntetan, asteartean baino 13 gehiago. Zainketa intentsiboetako unitateek bost gaixo larri gehiago dituzte, 83 guztira.

Positibo berri gehienak Bizkaian izan dira berriro, 428 kutsatze berri (asteartean baino 58 gehiago), Gipuzkoan 209 (aurreko egunean baino 28 gutxiago) atzeman dituzte, eta Araban, 119 (asteartean baino bost gutxiago). Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren 15 pertsona positibo eman dute, aurreko egunean baino bat gehiago.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, hamaika udalerri daude "eremu gorrian", hau da, 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako intzidentzia metatua dute 14 egunetan. Gernika eta Markina-Xemein (Bizkaian) zerrenda horretan sartu ziren asteartean.

Bi herri horiez gain, egoera horretan jarraitzen dute Agurainek (Araba), Andoainek, Beasainek, Villabonak eta Zumaiak, Gipuzkoan, eta Zornotzak, Bermeok, Lekeitiok eta Muskizek, Bizkaian.

Nafarroako egoera

COVID-19ak kutsatutakoek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan, eta atzo 208 positibo berri atzeman zituzten, Foru Gobernuaren behin behineko datuen arabera. Azken bi hilabeteetako daturik txarrena da. Positibotasun tasak ere gora egin du, % 7,7an kokatuz.

Bi positibo, Gipuzkoako zahar-egoitza batean

Azken orduetan, covid-19arekin lotuta, bi kasu gehiago atzeman dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetan. Biek ala biek Pzifer-BioNtechek garatutako txertoaren lehen dosia jaso zuten iragan astelehenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Irungo Inmaculada auzoan atzeman dute positiboetako ba. Han, urtarrilaren 11n hasi zuten txertaketa. Arratsaldean argitaratutako txostenean, ostera, bi kasu atzeman dituztela zehaztu dute.

Aldundiak esandakoaren arabera, oraingoz ez dakite bi pertsona horiek txertoa jaso orduko kutsatu ziren ala ez.

Bestalde, azken orduetan ez da inor hil Gipuzkoako adinekoen zentroetan, eta hiru pertsonak gaixotasun gainditu dute.

Abuztuaren 11az geroztik, 590 adineko sendatu eta 114 hil dira Gipuzkoako zahar-egoitzetan. Gaur-gaurkoz, 52 positibo daude, eta horietako 18 Eibarren eta Ordizian daude, covid-19arekin kutsatutako pertsonei arreta ematen dieten zentro berezietan.

100.000 biztanleko 523 kasu berri, Espainian

Osasun Ministerioak 35.878 kasu berri zenbatu ditu ostegun honetan. Guztira, 2.211.967 pertsona kutsatu ditu covid-19ak Espainian, eta 53.079 hil dira birus horren ondorioz (201 azken orduetan). Azken 14 egunetan, 522,7an kokatu da metatutako intzidentzia.

Autonomia erkidegoek emandako datuetan oinarrituta, 18.924 pertsona daude ospitaleratuta (asteazkenean baino 709 gehiago). Ospitaleen okupazioa % 15,14koa da, eta ZIUetakoa % 28,46koa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak