Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Tratu txarrak jasan dituzten ia 5.000 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Etxekoen eta Emakumeen Babesa proiektua jarriko du martxan Jaurlaritzak, "biktimak babesteko prozesuan eraginkorragoak izateko helburuarekin".

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko protesta. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Emakumeen kontrako indarkeria.
Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko protesta. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktima izan diren edo diren 4.781 emakumek - iaz baino 122 gehiagok- jasotzen dute, gaur egun, Euskal Autonomia Erdekigoan Ertzaintzaren babesa, salaketa jarri ondoren edo poliziak horren berri izan ondoren. 

Lurraldeka, 2.254 dira Bizkaian (2019ko azaroan, 2.356) poliziaren babes-espedientea duten biktimak, 838 Araban (752) eta 1.689 Gipuzkoan (1.551).

Emakume horien 3.344 epaileak emandako agindu baten ondorioz ari dira poliziaren babesa jasotzen (1.492 Bizkaian, 523 Araban, eta 1.329 Gipuzkoan), eta gainerako 1.437 emakumeek "biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloei jarraituz" jasotzen dute babes hori.

Emakumeen kontrako tratu-txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko, Ertzaintzak egun duen prozedura 2006an martxan jarritakoa da.  Segurtasun sailak ohar bidez zehaztu duenez, "kasu berri bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak erregistratu egiten du 'etxeko indarkeria' edo 'genero-indarkeria' espediente batean", eta une horretatik aurrera, "babes aktiboa" ematen zaio biktimari.

"Etxekoen eta Emakumeen Babesa"

Bestalde, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Etxekoen eta Emakumeen Babesa (EBA) izeneko proiektua  lantzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta, gauzak ondo, legealdi honetan jarri nahiko lukete martxan, "biktimak hautemateko eta babesteko prozesuan eraginkorragoak izateko helburuarekin".

"Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digitala da, eta honako hauek egitea ahalbidetzen du: espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea, emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea,  seme-alaben arriskua berdin ebaluatzea eta diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea", zehaztu dute oharrean.

Proiektuaren hasierako fasean, Ertzaintza eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Basauriko, Barakaldoko, Errenteriako eta Getxoko udaltzaingoak ari dira parte hartzen, baina "asmoa da udaltzaingo guztiek parte hartzea eta emakumeen aurkako indarkeria-kasu bakoitzean inplikatuta dauden gainerako agenteei ere parte hartzeko aukera ematea". 

Genero indarkeriarekin edo etxeko indarkeriarekin lotutako espediente bat irekitzen denean, "Ertzaintzak arriskua baloratzen du eta lau mailatan sailkatzen du: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia". "Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako formakuntza da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa