Gizartea -
Neurri berriak EAEn
Musukoa derrigorrezkoa izango da lanean eta kirola egiterakoan
Osasun zerbitzuek kontrakoa gomendatzen ez duten bitartean, lanpostu guztietan izango da derrigorrezkoa maskararen erabilera; baita kirola egiterakoan ere, igerilekuan salbu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak emandako azken aginduaren arabera, musukoa derrigorrezkoa izango da lanean. Orain arte, lanpostu gehienetan ez zen nahitaezkoa maskararen erabilera, segurtasun tartea gordetzeko aukera bazegoen. Horixe da, hain zuzen, EAEko Aldizkari Ofizialean ostiral honetan jasotako berrikuntzetako bat. Halaber, atzo iragarritako murrizketak argitaratu dituzte: ostalaritza establezimenduen itxiera eta 22:00etan etxeratzeko agindua.
Maskararen erabilerarekin lotuta, bada salbuespenik, baina osasun zerbitzuek kontrakoa gomendatzen ez duten bitartean, lanpostu guztietan izango da derrigorrezkoa musukoa.
Kirola egiterakoan ere neurri bera ezarri dute, igerilekuetan salbu. Hartara, musukoa erabili beharko dute kirola egitera kalera ateratzen diren guztiek ere.
Era berean, debekatu egin dute kultur-ekintza eta -ikuskizunetan goxokiak eta edari freskagarriak saltzea, eta kirol instalazioetan aldagelak eta dutxak zarratuta egongo dira.
Azken dekretua urriaren 26an jakitera emandakoaren aldaketa bat da, pandemiaren bilakaeraren ondorioz alarma-egoeraren adierazpenaren esparruan prebentzio-neurri espezifikoak zehazten zituena.
Murrizketa berrien helburua, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo, Euskadiko Babes Zibileko Planaren bileraren ostean, iragarri zuenez, pandemiaren bigarren olatuan birusaren hedapenari eustea da; izan ere, pandemiak lehen aldiz gainditu zuen % 10eko positibotasun-tasa, eta azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 763 kasu pilatu zituen.
Kirolaren esparruan, taldeko edozein jarduera eteten da, bai entrenamenduan bai lehiaketan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeenak izan ezik.
Era berean, "eskola kirola alde batera utzita, gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak" egin ahal izango dira, betiere maskara erabilita, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukieraren % 40ko edukiera mugatuta. Debekatuta dago, halaber, jendeak kirol-ekitaldietara joatea.
Dekretuaren berrikuntzetako bat da, "igerilekuetan izan ezik", jarduera fisikoa edo kirola "hiri-inguruneetan maskaraz" egin beharko dela.
Salbuespenak
Neurri horretarako ezartzen den salbuespen bakarra da, lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez dutela "gomendatzen" maskara erabiltzea.
"Ez da eskatuko, lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan", baina 1,5 metroko segurtasun-tartea gorde beharko da.
Urriaren 26ko dekretuak ezartzen zuenez, babes sanitario hori ez zen derrigorrezkoa lanetan langileak beren lanpostuetan eserita zeudenean, baina bai segurtasun-distantzia gordetzen ez zenean, espazio komunak partekatzen zituztenean edo korridoreetan zirkulatzen ari zirenean.
Nolanahi ere, eta gainerako egoera edo inguruneetan bezala, arrazoi medikoengatik maskarak erabiltzearen salbuespena "ziurtagiri mediko ofizialaren bidez" egiazta daiteke, dekretuan jasotzen denaren arabera.
Dekretuaren arabera, neurri horien guztien jarraipena egingo da "gehienez ere 15 eguneko epean", bilakaera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko, eta "luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango da dekretua".