Gizartea -
Koronabirusa
Hauek dira lau alerta mailetako neurriak
Adierazleen emaitzaren arabera, lurralde bakoitza arrisku maila batean kokatuko dute. Lurralde bat 4. mailan kokatzen baldin badute, “salbuespenezko neurriak” aplikatuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Adierazleen emaitzaren arabera, lurralde bakoitza arrisku maila batean kokatuko dute agintariek. Lau alerta maila izanen dira, horietako bakoitza neurri sorta batekin.
1. MAILA
- Elkarbizitza talde egonkorretan egituratutako burbuila sozialetan harremanak izan, eta 15 pertsona baino gehiagoko bilerarik ez egin, baita funtsezkoak ez diren bidaiak saihestu lurraldetik kanpo ere.
- Aforoek ez lukete % 75a gainditu behar (50 pertsona askoz jota) toki itxietan (beilatokiak, hiletak eta hileta-elizkizunak), baita ezkontzetan eta jaunartzeetan ere, batere mugarik gabe aire librean. Jatetxe eta ostalaritza, bingo areto, kasino, aisialdi areto eta apustu-etxeek erreserba gaitasun bera izango dute, mahai bakoitzeko 10 pertsona gehienez (15 kanpoaldean baldin bada). Diskotekak, ostera, itxita egongo dira.
2. MAILA
- Lurraldetik at funtsezkoak ez diren bidaiak saihestu.
- Barran kontsumitzea debekatzea eta jatetxe zein tabernetan aforoa % 50era murriztea, baita kirol zentroetan eta instalazioen barnealdean ere, baina azken bi kasu horietan ixtea aurreikusten du, segurtasuna eta aireztatzea bermatzerik ez baldin badago.
- Hamar laguneko bilerak eta telelana sustatzea, baita etxean egoteko gomendioa ere.
- Toki itxietan aforoa % 50era mugatzea, hiletetan zein beilatokietan (30 pertsona askoz jota), eta mugarik ez toki irekietan, beti ere distantzia bermatzea posible denean. Gomendio berdinak ezkontza eta jaunartzeetan.
Gurtzeko tokietan, aforo maximoa erdira murriztea, baita toki itxietan ere. “Zerbitzu telematikoak edo telebista bidez eskaintzea”, adostu dute.
3. MAILA
- Bilerak sei pertsonetara mugatzea, eta funtsezkoak ez diren zerbitzuen ordutegia 23:00etara murrizteko aukera “aztertzea”.
- Jatetxe eta ostalaritza lokalei dagokionez, barrualdea ixteko aukera aztertuko dute tokiko agintariek, eta bestela aforoa ahalik eta gehien murriztuko dute; neurri berdina bingo areto, kasino eta apustu-etxeentzako.
- Etxetik “bakarrik beharrezkoa” denean ateratzeko gomendioa, lurraldeko sarrera eta irteerak mugatzeko aukera aztertzea, funtsezko jarduerak kenduta, eta lantokira joatea “salbuespena” izatea, jarduera edo bilera zehatzetarako soilik.
- Beilatokiei eta hiletei dagokionez, aforoa heren batera mugatu toki itxietan (hamar pertsona askoz jota) eta 20 pertsonara toki irekietan. Bataio edo jaunartzeen kasuan, zeremoniak posible den heinean atzeratzea, hala ere, pertsona kopuruan muga jarriko dute.
4. MAILA
Lurralde bat laugarren mailan kokatzen baldin badute, 3. mailako neurri murriztaileez gain, "salbuespenezko neurriak" aplikatuko dituzte, “egoeraren azterketa berezia egin ondoren, besteak beste, pertsonen mugikortasuna mugatu, konfinamendu perimetralak edo mugikortasunari beste muga batzuk”.