Gizartea -

Koronabirusa

Ordizian eta Durangon baheketa masiboak egingo dituzte

Osasun Sailak ez du zehaztu PCR probak noiz egingo dituzten. Testak 13 eta 40 urte arteko herritarrei zuzenduta egongo dira.

Erizain bat PCR proba egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Erizain bat PCR proba egiten.
Osakidetzak bigarren baheketa egingo du Ordizian

1:31

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordizian eta Durangon baheketa masiboak egingo dituztela iragarri du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Azken egunetan kutsatze kopuruak gora egin du bi udalerri horietan, batez ere 13 eta 40 urte arteko herriatarren artean.

Borondatezko PCR probak adin tarte horretako bizilagunei zuzenduta egongo dira, hain zuzen ere. Oraingoz, baina, Osasun Sailak du zehaztu testak noiz egingo dituzten.

Ignacio Garitano Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak arratsaldean egindako agerraldian azaldu duenez, egun, 6.177 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 13.273ri jarraipena egiten ari zaizkie.

Azpeitian, Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan egindako baheketetan antzemandako kasu positiboen tasa % 1 ingurukoa izan dela jakinarazi du, eta emaitzarekin pozik agertu da.

Konfinamendu selektiboak egiteko aukerari buruz galdetuta, Garitanok esan du aukera hori une honetan ez dagoela mahai gainean, eta gogora ekarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den larunbatean esandakoa: "Kasuak banaka eta zonaldeka aztertzen jarraituko dugu, eta egoerak okerrera egingo balu soilik hartuko genituzke neurri berriak".

Edonola ere, edozein erabaki hartu aurretik, neurri bat eraginkorra izango dela egiaztatu beharra dagoela esan du, eta ziurtatu du herritar guztiak etxean isolatzea ez dela Jaurlaritzaren plana, "epe laburrean behintzat".  

Konfinamendu perimetralei dagokienez, Garitanok ohartarazi du oraindik ez dela argitu neurri hori eraginkorra den edo ez. "Uda honetan 500 kasutik gora izan ditugu eta kasuen aztarna jarraituz eta kontatuak isolatuz egoerari buelta ematea lortu dugu, konfinamendu perimetralik ezarri gabe", nabarmendu du.

Probak egiteko Landako Gunea eskaini du Durangoko Udalak

Bestalde, baheketa masiboa egiteko Landako Gunea erabiltzeko aukera eskaini dio Durangoko Udalak Osakidetzari.

Ima Garrastatxu alkateak ohar batean azaldu duenez, Udal Gobernuan Osakidetzarekin harremanetan dago, eta probak egiteko Udalaren instalazio ezberdinak uzteko prest daudela jakinarazi dio.

Horrez gain, jarduerak aldi batez eteteko deia egin du EH Bilduko alkateak, birusaren hedapena gelditzeko eta normaltasunera ahalik eta azkarren bueltatu ahal izateko. Ildo horretan, Udalak datozen egunetarako aurreikusita zeuzkan ekimena bertan behera utziko dituela iragarri du, Osakidetzak hala gomendatzen badio.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Durango Ordizia Osasun albisteak Koronabirusa Albisteak Eguneko albisteak