Gizartea -
COVID-AREN AURKAKO PRODUKTUAK
Jatorduetan COVID-19arekin ez kutsatzeko krema profilaktiko bat aurkeztu dute
Ahotik hartzeko pomada ostegun honetan aurkeztu da, San Sebastian Gastronomikan pandemiaren ondorioei buruz egindako saioan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19aren aurkako antigorputzak dituen eta arrautza-gorringoa oinarri duen ahotik irensteko pomada batek kutsatzea eragotz dezake maskararik gabe gaudenean, jatorduetan, esaterako, CSICek garatutako ikerketa baten arabera. Zenbait eraginkortasun-test egin dituzte, eta antigorputz horiek ahoan bi ordu arte irauten dutela frogatu dute.
Jose Manuel Perez de Alastra Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroko (CSIC) zientzialari tituluduna buru duen taldeak garatu du, Tenerifeko Produktu Naturalen eta Agrobiologiaren Institutuan, eta dagoeneko Diego Schattenhofer sukaldariak (1973 Taste, Arona) forma gastronomikoa eman dio. Ostegun honetan aurkeztu da, San Sebastian Gastronomikan koronabirusaren pandemian zentratutako saio batean.
Perez de Alastrak azaldu duenez, bere taldeak urteak daramatza oiloetan garatutako antigorputzekin lanean. "Oiloa immunizatzen denean, arrautzaren gorringoan biltzen ditu antigorputzak, eta elikagai hori naturala denez, ahotik eman daiteke, antigorputz horiek ez direlako odolera pasatzen", adierazi du.
Antigorputz horien erabilera COVID-19aren aurkako babesgarritzat jo zuten, eta "birusaren proteinen eskualde kritiko batzuen aurrean" sortu zituzten, "giza hartzailearekin bat egiten dutenak".
"Aho barrunbean erabiltzean, estrategikoki kokatuta, babesa emango lukete, birusa gure zeluletara atxikitzea eragotziko luketelako", zehaztu du.
Hainbat entsegu
"In vitro" saiakuntza batek frogatu du "birusa giza hartzaileari lotzea blokeatu dezaketela" antigorputzek. Beste batek, berriz, listu-laginak aztertu ditu, pomada hartu eta denbora desberdinetan, eta berretsi egin du antigorputzek "gutxienez bi orduz irauten dutela listuan".
"Pomadak antigorputzak barreiatzen ditu pixkanaka aho-barrunbean, faringean eta hestegorrian. Birusa organismoan sartzen bada, antigorputzek harrapatu eta inguratu egingo dute, infekzioa eragotziz. Birusa urdailera eraman, eta urdaileko zukuek suntsitzen dute", azaldu du CSICek gaur kaleratutako bideoan.
Tenerifeko Kabildoak babestutako ikerketa hau gastronomian aplika daiteke, eta horretan ari da Diego Schattenhofer sukaldari argentinarra. Dagoeneko "pomada gastronomikoak eta saltsak" garatu ditu aipatu sukaldariak, eta osasun agintariek baimentzen dutenean, bere plateretan sartuko lituzke, hala nola gofioa, guarapoa eta almidoi hidrolizatuen bidez, "antigorputzak eztarrian itsasten laguntzen" baitute.
"Proba zientifikoak arrakastatsuak izan dira, baina bidea dago egiteko; zientziari bere lana egiten utzi behar zaio. Saltsak erabiltzea onartuz gero, saltsa "mojo immunizatu" gisa sartzea da sukaldariaren asmoa, "eztarriko profilaxia lortzeko".