Gizartea -
Koronabirusa
Euskadi Madrilgo egoeratik "nahiko urrun" dagoela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak
COVID-19aren bilakaerari dagokionean, EAEn azken asteetako beheranzko joera mantentzen ari dela nabarmendu du Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzailearen iritziz, Euskadi "nahiko urrun" dago Madrilek gaur egun bizi duen egoeratik, baina "erne" jarraitu behar da COVID-19ari aurre egiteko asmoz ezartzen diren prebentzio-neurriekin. Garitanok, Madril neurri murriztaileak hartzera behartzen duen araua izan du hizpide ostegun honetan egindako agerraldian.
Garitanok gogorarazi duenez, PCR proben gaineko positiboen ehunekoa % 5etik beherakoa da, eta, zainketa intentsiboetako unitateetako oheen okupazioa, berriz, Osakidetzak aurreikusitako 1. mailan eskuragarri dauden 210 oheen laurdena da (gaur egun 53 gaixo daude ospitaleratuta).
Hala, zainketa intentsiboetako unitateetako oheen okupazioari dagokionez, euskal osasun sistemaren protokoloak 5 maila aurreikusten dituela gogorarazi du, eta, beraz, "positiboa" dela horietako lehena gainditu behar ez izatea.
Gainera, pandemiak ospitaleetan duen "eragina pixkanaka murrizten" ari dela esan du. Ondorioz, gaitzaren bilakaerarekin "pozik" agertu da, baina horrek ez du esan nahi COVID-19a Euskadin "kontrolpean" dagoenik, pandemia batekin ez baitu uste "inork hitz hori erabil dezakeenik".
Gasteizen egindako prentsaurrekoan, koronabirusaren pandemiak irailaren 21etik 27ra bitartean EAEn izan duen bilakaerari buruzko datuak eman ditu Garitanok. Aste horretan, gaitza atzemateko 69.970 PCR proba egin zituzten Euskadin, eta 2.828 koronabirus kasu atzeman zituzten.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehienak (1.308 kasu). Gipuzkoan, 858 kasu atzeman zituzten, eta Araban 499. Horrez gain, EAEn positibo eman zuten beste 163 pertsona Euskaditik kanpo bizi dira. Euskadiko intzidentzia metatua azken 14 egunotan hauxe da: 279,98 positibo 100.000 biztanleko.
Testuinguru horretan, COVID-19aren bilakaerari dagokionean, EAEn azken asteetako beheranzko joera mantentzen ari dela nabarmendu du Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak.
Gauzak horrela, Madrilgo egoerarekin alderatuta Euskadi "nahiko urrun" dagoela ziurtatu du, Espainiako Gobernuak Madrilen dekretu bidez ezarri duen konfinamendua gogora ekarriz, baina EAEn ezartzen diren prebentzio-neurriekin "erne" egon behar dela gaineratu du.