Gizartea -

KORONABIRUSA

42 positibo atzeman dituzte Galdakaoko, Gasteizko eta Donostiako fokuetan

Positibo gehien Ramuntxo Berri tabernan sortutako fokuan atzeman dira: 22 positibo, egindako 1.431 PCR probetan.

Gasteko Kilimanjaro diskoteka. Irudia: EFE
Gasteko Kilimanjaro diskoteka
Gasteko Kilimanjaro diskoteka. Irudia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain arte Galdakaoko (Bizkaia) Muguru eta Aguraingo (Araba) Kokolo tabernetako, Kilimanjaro diskotekako (Gasteiz), Xixilu jatetxeko (Gasteiz) eta Donostiako Okendo kultur etxeko bezeroei eta langileei koronabirusa atzemateko egindako probek 42 positibo azaleratu dituzte.

Galdakaoko ospitalean 1.161 PCR proba egin dituzte orain arte, Galdakaoko Muguru tabernako bezeroei egiten ari zaien baheketaren harira, eta 6 positibo atzeman dituzte jada.

Arabako hiriburuan, berriz, 142 PCR proba egin dituzte Kokolo tabernarekin lotuta, eta hiruk eman dute positibo. Kilimanjaro diskotekarekin lotutako 27 probetatik bakarra izan da positiboa, eta Xixilu jatetxera joan zirenen artean 10 positibo atzeman dituzte, 492 PCR proba eginda.

Bestalde, Donostiako Okendo kultur etxean 1.431 PCR proba egin dituzte orain arte. 22 positibo atzeman dituzte, gehienak Ramuntxo Berri tabernan sortutako fokuarekin lotuta.

Gasteizen mendekotasuna eta dementzia duten adineko pertsonei eguneko arreta integrala eskaintzen dien Bizia eguneko zentroak ateak itxi ditu behin-behinean, langileen artean COVID-19a atzemateko probetan positibo bat izan ondoren.

Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, positibo eman ostean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak instalazioa ixtea erabaki du, "badaezpada, 24 erabiltzaileei eta langile guztiei PCR testak egin arte".

Horrela, astelehen honetan familiei informazioa eman eta erabiltzaileak etxera eraman dituzte.

Gainera, Bilboko Elizbarrutiak jakinarazi duenez, azken orduetan beste lau positibo baieztatu dira Deustuko San Felicisimo elizaren agerraldiari lotuta. Ostiralean itxi behar izan zuten, Basurtuko ospitalean 90 urteko elizgizon bat ospitaleratu ondoren.

Azken orduetan 44 PCR proba egin ondoren, lau positibo baieztatu dituzte: erizaintza-arloko bi langileri eta erizaintza-arlo bereko beste bi erlijiosori dagozkie.

Bi langileak jada jakinaren gainean jarri dituzte, eta osasun-agintariek isolamenduari eta jarraipenari ekin diete. Erizaintzako eta komunitateko erlijiosoei dagokienez, beste zazpi egunez jarraituko dute bakartuta, hurrengo lagina hartu arte.

Bilbon bertan, Conde Aresti egoitzako 8 egoiliar Birjinetxera eraman dituzte, positibo eman baitute, EiTBk jakin duenez. Guztira 23 dira Birjinetxen koronabirusa atzemateko proban positibo eman duten egoiliarrak, eta 3 ospitaleratu dituzte jada.

EAEn, 353 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 204 Bizkaian atzeman dituzte, 75 Gipuzkoan eta 64 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 10 pertsonak eman dute positibo azken orduetan.

Gaitza atzemateko 4.669 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Galdakao Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Tabernak Koronabirusa