Gizartea -
KORONABIRUSA
COVID-19ak bi hildako eta 21 positibo berri utzi ditu EAEn azken orduetan
3 positibo izan dira Araban, 9 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan. 37 pertsona kutsatu dira Basurtuko agerraldian eta foku berri bat atzeman dute Arrasateko Aita Mennin. Nafarroan, berriz, 3 positibo izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.589 hildako izan dira jada. Horrez gain, 21 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez eta 71 test azkarren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera (bezperako 24:00ak arte bildutakoak).
EAEko lurralde guztietan atzeman dira positiboak azken orduetan: 3 positibo berri izan dira Araban, 9 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan.
EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko agerraldian, Osasun sailburu Nekane Murgak nabarmendu du 21 positibo horietatik 10 "kutsaturen batekin harreman estua izategatik isolamenduan zeuden pertsonengan atzeman direla". Hori dela eta, kasu berri horiek detektatzeko eta kontrolatzeko "osasun-sistemaren azkartasuna" azpimarratu du.
Era berean, "bizitza normalera itzuli ahala, gero eta arrisku gehiago" daudela gogorarazi du, eta, horregatik, "segurtasun neurriak are gehiago zorrozteko" eskatu du: "distantzia soziala eta maskararen erabilera, hain zuzen ere, bai norbere burua zaintzeagatik, bai besteekiko elkartasunagatik ere".
37 kutsatu Basurtuko fokuan, Txagorritxukoa kontrolpean eta agerraldi berri bat Arrasateko Aita Menni ospitalean
Bilbon, Basurtuko Ospitalean izandako koronabirus agerraldia dela eta, 37 dira jada atzemandako positibok (atzo baino 5 gehiago). Agerraldiak ez du beste heriotzarik eragin ospitalean, eta larunbat honetan bertan zabalduko dute erditze gunea, atzo bertan ospitaleratutako emakume batek positibo eman ostean itxi ondoren. Erditzeetarako prestatutako eraikin horrertan lan egiten dutenei, pazienteei eta bisitei PCR probak egin ondoren, ez da positibo berririk atzeman.
Orain arte, 2.218 PCR proba egin dira Basurtoko fokua mugatzeko: 1.780 osasun langileei, 217 gaixoei eta 221 bisita eta/edo kontaktu estuei. Probei esker 14 positibo aurkitu dituzte osasun-langileengan, 12 pazienteengan eta 11 bisita edo kontaktu estuengan.
Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko fokuari dagokionez, Osasun sailburuak azaldu du kutsatu kopurua atzoko bera dela: 7 (3 gaixo, osasun langile 1 eta 3 bisitari), eta egoera "kontrolatutzat" jotzen dela.
Gainera, beste agerraldi bat ikertzen ari dira Debagoienan (Gipuzkoa), Arrasateko Aita Menni ospitaleko bost profesionalek positibo eman ondoren. Kutsatuak administrazio saileko lau langile eta pisu tutelatuetan bizi diren pertsonekin lan egiten duen pertsona bat dira. Lehen lau pertsonak telelanean ari dira eta ez dute harremanik izan pazienteekin. Murgak esan duenez, nahiz eta telelanean aritu, "loturaren bat" egon behar izan da euren artean eta ikertzen ari dira.
Prebentzio modura, pisu tutelatueta bizi diren bederatzi pertsona ospitaleko unitate batean bakartu dituzte, eta modu prebentiboan, osasun zentrorako bisita guztiak bertan behera geratu dira.
Sailburuak jakinarazi du, gainera, beste kasu batzuk atzeman dituztela eremu horretan eta euren artean nolabaiteko harremanik ba ote dagoen zehazteko lanean ari direla.
Testuinguru horretan, Osasun Saila bisiten protokolo "korporatibo" bat prestatzen ari dela aurreratu du Murgak, "ospitaleratutako pertsonentzat arrisku handieneko eremuak identifikatze aldera", hala nola, "onkologia edo hematologia", bai eta "bisitekiko distantzia-neurriak mantentzea zailagoa den pazienteen kasuan ere".
"Bisita guztiei informazioa emango zaie, etxean tenperatura hartzeko konpromisoa har dezaten eta gertuko kontaktu positibo bat izan balute jakinarazteko", gaineratu du.
Sodupeko, Orioko eta Eibarko kasuak
Koronabirusean positibo eman eta Murgak atzo esan zuenez, "bizitza sozial zabala" zuen Sodupeko gaztearen kasuari dagokionez, 30 PCR proba egin dizkietela bere kontaktuei jakinarazi du sailburuak: "guztiek negatibo eman dute". Dena dela, kontaktu estuetarako protokoloa betez, isolamenduan eta zaintzapean daude (kasu horietan, PCR proba errepikatzen da 8 egunera).
Era berean, eta Orioko adinekoen zentro batean aurkitutako kasu positiboa dela eta, sailburuak adierazi du zentroko langileei, egoiliarrei eta kutsatuaren kontaktuei egindako PCR guztiak negatiboak izan direla, eta azaldu du uste dutela iraganeko infekzio baten PCR positiboa izan dela, oraindik negatibizatu ez dena.
Eibarren atzemandako kasuari dagokionez, Nekane Murgak esan du orain arte kontaktu guztiei egindako PCR testek negatibo eman dutela, eta, beraz, "ez dugu foku gisa identifikatu, ez baita transmisiorik identifikatu".
Azkenik, onartu du kasu berriak eta balizko fokuak aztertzen ari direla, eta azken orduetan "positibo bat" atzeman dela "osasun-zentro bateko profesional batean", baina zentro horretako profesional guztiei eta pazienteei PCR egin zaiela, eta guztiak negatiboak izan direla gaineratu du.
3 kutsatze berri Nafarroan azken 24 orduetan
Bestalde, hiru positibo berri atzeman dira Nafarroan azken 24 orduetan PCR proben bidez (orain arte 5.352 kutsatzen baieztatu dira test hauekihn). PCR probak eta test azkarrak batuta, 9.228 positibo atzeman dira pandemia hasi zenetik.
Zorionez, pertsona bat ere ez da hil azken 24 orduetan koronabirusagatik, eta, beraz, hildako kopuruak 518 izaten jarraitzen du.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, une honetan 40 pertsona daude ospitalean, atzo baino bi gutxiago: 6 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitatean daude, eta beste 2, etxez etxeko ospitalizazioan.