Gizartea -

KORONABIRUSA

Hildako bat eta zortzi positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan

Nafarroak hildakorik ez eta sei positibo berri zenbatu ditu PCR proben bidez azken 24 orduetan.

Hainbat pertsona Gasteizen, maskarak jarrita. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Gasteizen, maskarak jarrita.
Hildako bat eta zortzi kutsatu berri izan dira EAEn azken orduetan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1574 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, zortzi kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, datuek zertxobait hobera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 1103 proba egin zituzten atzo: 1046 PCR eta 57 test serologiko.

Azken orduetan, zortzi kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.506 positibo guztira) eta hiru test serologikoen bidez (6570), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.076 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban pertsona batek eman du positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3296 guztira), eta Bizkaian beste zazpi kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7791 guztira). Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2263 guztira).

Araban baieztatutako kasuari dagokionez, Gasteizen (bat) atzeman dute baieztatutako positibo bakarra. Bizkaian, berriz, Bilbon (bost), Erandion (bat) eta Sestaon (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 156 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 220.375 PCR proba eta 120.013 test azkar egin zaizkie 194.798 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan bi pertsonak jaso dute alta ospitalean, hau da, guztira 4184 gaixok (% 20,8). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 14 gehiago dira, 11.902 guztira (% 59,3).

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,19). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, gaur egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1574 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 220 pertsona daude ospitaleratuta (202, gela arruntetan, eta 18, ZIUetan).

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Sei positibo Nafarroan, heriotzarik gabeko beste egun batean

Azken orduetan, PCR proben bidez, sei positibo berri baieztatu dira COVID-19arekin Foru Erkidegoan, hau da, 5.335 kasu zenbatu dira guztira, eta hildakoak 515 dira, ez baita heriotzarik izan.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 53 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, horietako 41 gela arruntetan, aurreko egunean baino bat gutxiago, bederatzi zainketa intentsiboetako unitateetan daudeta eta hiru haien etxeetan.

Bestalde, Osasun Ministerioak beste sei positibo berri eman ditu, guztira 5.294, eta heriotzarik ez hau da, guztira 490.

Hildakorik ez eta 48 positibo berri azken 24 orduetan

Osasun Ministerioak astelehen honetan jakitera eman duenez, 56 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken zazpi egunetan, eta guztira 27.136 hildako utzi ditu, igande honetan jakinarazitako berberak, gaur arratsaldean jakitera eman duten balantzearen arabera.

Gainera, Osasun Sailak 48 positibo berri zenbatu ditu, 241.717 pandemia hasi zenetik, eta atzo 102 kutsatu ziren. Azken 14 egunetan, 932 pertsonak hasi dituzte COVID-19aren sintomak jasaten, eta 247k azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea