Gizartea -

KORONABIRUSA

Hiru heriotza izan dira EAEn, eta batere ez Nafarroan, zortzigarren egunez jarraian

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, Araban lau positibo atzeman dituzte eta beste lau Bizkaian. Gipuzkoan ez da kasurik agertu. Nafarroan 3 kasu berri atzeman dituzte.

Koronabirus testak. Argazkia: EFE
koronabirus testak.
Hiru hildako eta zortzi kutsatu gehiago koronabirusagatik EAEn

1:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.574 hildako izan dira jada. Horrez gain, zortzi kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera (larunbateko 24:00ak arte bildutakoak).

Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 2.423 proba egin zituzten atzo: 1.884 PCR eta 539 test serologiko.

Azken orduetan, zortzi kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.549 positibo guztira) eta 13 test serologikoen bidez (6.588), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.120 kasu baieztatu dira orain arte. 

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban lau pertsonak eman dute positibo PCR probetan (3.023 guztira), eta Bizkaian ere beste lau kasu atzeman dituzte (7.624 guztira). Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken bost egunetan (2.313 guztira).

Araban baieztatutako kasuei dagokienez, guztiak Gasteizen (4) atzeman dituzte. Bizkaian, berriz, Bilbon (3) eta Sestaon (1) bizi dira kutsatu berriak.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 43 pertsona sendatu dira (16.966 guztira, % 84,3). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,89). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Bestalde, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean 18 pertsona daude, atzo baino 1 gehiago. Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute COVID-19agatik.

Une honetan 1.597 gaixo daude oraindik (% 7,9), gehienak etxean.

Hildakorik gabeko zortzigarren eguna Nafarroan

Hiru kutsatu berri atzeman dituzte PCR proben bidez azken 24 orduetan Nafarroan. Hala, 5.329 dira jada proba horrekin diagnostikatuak.

Bestalde, ez da hildakorik izan, zortzigarren egunez jarraian. Beraz, 515 dira pandemia hasi zenetik Foru Erkidegoan hildakoak.

Une honetan 54 pertsona daude ospitaleratuta: 42 plantan, 3 etxean eta 9 ZIUn.

Espainiako Osasun Ministerioak beste heriotza bat jakinarazi du eta 102 kasu positibo berri

Espainiako Osasun Ministerioak beste hildako bat jakinarazi du igande honetan, eta azken astean izandako heriotzak 67tik 72ra igo ditu. Guztira, 27.136 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.

Azken 24 orduetan baieztatutako kasu positibo berriak, berriz, 102ra jaitsi dira (atzo 164). 241.550 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.

Madril da COVID-19ak gogorren jo duen autonomia erkidegoa: azken 7 egunetan izandako 72 heriotzen erdia baino gehiago erkidego horri dagozkio, 39 guztira, eta azken 24 orduetan jakinarazitako 102 kutsaduretatik 49 ere han atzeman dira.

Azken 7 egun hauetan 2.053 positibo berri zenbatu dira Estatuan: gehienak Madrilen (706) eta ondoren, Katalunian (583) eta Gaztela eta Leonen (583).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea