Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik hiru hildako zenbatu ditu eta Nafarroak astebete eman du hildakorik gabe
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lau kasu zenbatu ditu azken 24 orduetan, eta Nafarroak 10 kasu berri jakinarazi ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.564 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, lau kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (osteguneko 24:00ak arte bildutakoak).
Horrela, datuek zertxobait hobera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.054 proba egin zituzten atzo: 2.948 PCR eta 1.106 test serologiko.
Azken orduetan, lau kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.537 positibo guztira) eta 56 test serologikoen bidez (6.519), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.056 kasu baieztatu dira orain arte. Goizean, PCR bidez bost kasu baieztatu dituztela esan du Osasun Sailak, baina handik gutxira datu hori zuzendu du.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban bi pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3.018 guztira), eta Bizkaian ere beste bi kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.617 guztira). Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 72 orduetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.313 guztira).
Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen (bi) atzeman dituzte guztiak. Bizkaian, berriz, Bilbon (bi) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 214.737 PCR proba eta 118.116 test azkar egin zaizkie 189.398 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 96 pertsona sendatu dira (16.853 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,76). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, paziente bat gutxiago dago. Horrela, gaur egun COVID-19ak erasandako 21 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.564 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Gainera, 1.639 gaixo daude oraindik (% 8,2). Azken orduetan, ez dute inor ospitaleratu COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 226 pertsona daude ospitaleratuta (205 gela arruntetan eta 21 ZIUetan).
*OHARRA*: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Nafarroak astebetez kateatu du hildakorik gabe
Nafarroak astebetez ez du hildakorik izan COVID-19aren ondorioz, eta azken hiru hilabeteetan 515 pertsona hil dira Nafarroan.
Foru Gobernuko Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, azken 24 orduetan 10 kutsatze-kasu berri zenbatu dituzte, PCR proben bidez baieztatuta; beraz, 5.316 dira guztira positibo eman dutenak.
Heriotza berririk gabe (azkena maiatzaren 29an izan zen), une honetan 57 pertsona ospitaleratuta daude, atzo baino sei gutxiago, eta horietatik 44 (5 gutxiago) gela arruntetan daude, 10 (ostegunean bezala) zainketa intentsiboetako unitateteetan eta hiru (bat gutxiago) ospitaleratze-modalitatean etxean.
Gainera, 6630 pertsona sendatu dira edo alta jaso dute Nafarroan pandemia hasi zenetik.
Beste heriotza bat COVID-19aren ondorioz Espainian
Osasun Ministerioak ostiral honetan jakinarazi duenez, beste pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz, eta azken astean zenbatutako heriotzak 56tik 52ra jaitsi ditu; 24 ordutan baieztatutako kasuak 195etik 177ra jaitsi dira, eta 240.978 dira dagoeneko.
Beste egun batez, Madrilek positibo berrien ia erdiak jakinarazi ditu, 94 guztira, eta azken 7 egunetan heriotza bat izan dela ere jakinarazi du; Aragoik 22 kasu izan ditu eta bi hildako; Kataluniak 19 eta 7, hurrenez hurren, baina hildako gehien izan dituen erkidegoa Gaztela eta Leon izan da, astebetean 21, baina bi kasu berri baino ez ditu zenbatu.
Erkidegoek beren datuak banan-banan baliozkotzen jarraitzen dute, serieak zuzentzeko eta bikoiztuak ezabatzeko, baina Ministerioak izoztuta mantentzen ditu bakoitzaren guztizkoak, Asturiasekoak izan ezik; izan ere, gaur beste heriotza bat izan da, eta 312ra igo dira, horietako 10 azken 7 egunetan.
Gainerakoek, beraz, ez zuten hildako berririk izan atzo; astebetean, Extremadurak 5, Aragoik eta Errioxak 2, eta gainerakoek bat edo bat ere ez. Hilgarritasuna % 11,3an mantendu da.
Zazpi egun hauetan 2.177 positibo berri zenbatu dira, ostegun honetan baino ia ehun gutxiago; gehienak Madrilen (713) eta Katalunian (638); horrela, metatutako intzidentzia-tasa (100.000 biztanleko diagnostikatutako kasuak) 4,63koa da, nahiz eta autonomien arabera alde handiak izan.
Azken 14 egunei erreparatuz gero, 5.555 dira konfirmatutako kutsatzeak, ia 200 gutxiago, eta horrek 11,81 murrizten du Espainia osorako metatutako intzidentzia-tasa.
Hala ere, Osasunerako adierazlerik fidagarriena azken 7 egunetan sintomak hasi direla baieztatzen dutenena da, 249 izan baitira; atzo, berriz, 230 izan ziren, eta kopuru hori 985era igo da azken bi asteak kontuan hartuz gero.
Zazpi egunetan 162 ospitaleratze izan dira, eta 124.244 guztira. Gehienak Madrilen (38), Gaztela eta Leonen (30), Andaluzian (17) eta Katalunian (16) banatu dira.