Gizartea -

Koronabirusa

Ikastetxeetako langileek telelanarekin jarraitzea eskatu dute sindikatuek

Gainera, datorren ikasturteko plangintza negoziatzea berriro eskatu diote ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastetxeetako beharginek telelanarekin jarraitzea eskatu diote ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Bestalde, datorren ikasturteko plangintza negoziatzea berriro eskatu diote Sailari.

Hezkuntza Sailak maiatzaren 19an emandako agindua kritikatu dute sindikatuek agiri batean. "Datorren astetik aurrera irakasle, hezitzaile eta gainerako langileak ikastetxeetara itzuli beharko dira, baita aurrez aurreko eskolak emango ez dituzten mailetan ere", salatu dutenez.

Erabakia sindikatuekin partekatu eta adostu ez dutela erantsi dute. Sindikatuen esanetan, ikastetxeetara bidali dute "irizpide edo zuzentarau zehatzik ezarri gabe".

Sindikatuen hitzetan, "arduragabekeria eta inprobisazio erakustaldi berri bat da". "Zentzurik ez duen erabaki bat da, osasunerako arrisku erantsi bat delako eta arrazoi pedagogikorik ez duelako atzean", nabarmendu dute.

"Gainera, irizpide komunik gabe aurrera eramaten ari diren eredua da, eta zonaldearen arabera, irizpide ezberdinak eman ditu ikuskaritzak", salatu dutenez.

Horregatik, "irizpide bakarra" ezartzeko eskatu diete sindikatuek Ikuskaritzari zein Hezkuntza Sailari: "langileek telelanarekin jarraitzea, ikastetxera joateko beharrik gabe".

Azkenik, datorren ikasturteko segurtasun neurriak sindikatuekin adostea eskatu diote ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk Sailari, baita "ratioen murrizketa egoki bat, langile kopurua areagotzea ratio horiek estaltzeko, garbiketa frekuentzia areagotzea eta lanaldiak egokitzea" ere, besteak beste.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas Koronabirusa Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian? Deseskalatzea gaur Telelana