Gizartea -
KORONABIRUSA
Irailera arte atzeratu dituzte ikastolen jaiak
"Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", adierazi dute.
EITB.EUS
Ikastolen Elkarteak ikastolen udaberriko jaiak irailera arte atzeratzea erabaki du. Prentsaurreko batean azaldu dutenez, jaiak "udazkenean egiteko aukera aztertzen eta datak bilatzen" aritu dira azken asteetan, eta hainbat faktore kontuan izanda (logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentziozkoak…), ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatzea erabaki dute. "Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", adierazi dute.
Jai horien helburuak auzolanaren bitartez ikastolako kideen artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzea, euskarari "bozgorailu handi bat" jartzea eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzea direla adierazi dute.
Horrez gain, egindako lana eskertu nahi izan diete "urte osoan lanean aritu diren boluntarioei, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiei, azpiegituraz arduratzen diren guztiei eta gure babesle eta laguntzaileei".
Ardura eta erantzukizunez jokatuko dutela azpimarratu dute, eta osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarriko dituztela, formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskaintzea eta garbiketa sakontzea, besteak beste.
Jaientzako data berriak ere ezarri dituzte: Herri Urrats, irailaren 20an Senperen (Ipar Euskal Herria); Kilometroak, urriaren 4an Amasa-Villabonan eta Zizurkilen (Gipuzkoa); eta Araba Euskaraz eta Ibilaldia, urriaren 18an Amurrion (Araba) eta Elorrion (Bizkaia). Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan.
Jai horiez gain, Nafarroa Oinez egitea aurreikusita zuten urriaren 18an, Lizarran. Hala ere, azaldu dutenez, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak "ez direla baldintzak ematen jaia aurten ospatzeko ikusi dute, eta hurrengo urtera atzeratu dute".
Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten ateratako TANTA txartelaren truke egingo den 60.000 euroren zozketa eguna ere atzeratu egin dutela adierazi dute. Ekainaren 25ean egin beharrean, urriaren 21ean izango da zozketa, notario aurrean.