Gizartea -
Koronabirusa
Noiz bisita ditzakedan senideak, noiz ezkon naitekeen eta beste hamaika kontu
Hauek dira eguneroko jarduerak berreskuratzeko ezarritako epe batzuk, betiere lurralde bakoitzak hori ahalbidetzen duen fase zehatzean egon beharko duela kontuan izanda.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko plana aurkeztu du, eta dagoeneko badaude herritarrak gehien kezkatzen zituzten gaietako batzuetarako erantzunak. Besteak beste, noiz bisitatu ahalko diren senideak, noiz egin ahalko diren ezkontzak eta gaubeilak, eta noiz itzuli ahalko den gimnasiora edota ile-apaindegira.
"Normaltasun berrirako trantsizio planean" jasotako neurriak lau fasetan banatuko direla jakinarazi zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta koalizio-gobernuak pixkanakako deseskalatze horren fase bakoitzean zer egin daitekeen zehaztu du azken orduetan.
Horrela, hauek dira eguneroko jarduerak berreskuratzeko aurreikusitako epeetako batzuk, lurralde bakoitza 0, 1, 2 edo 3 fasean dagoen arabera egingo dela kontuan izanda (horietako fase bakoitzak bi aste iraungo du, gutxi gorabehera).
- Noiz berreskura daiteke lagunekin kontaktua?
1. fasetik aurrera, lagunekin geratzeko aukera egongo da, betiere adinekoak edo pertsona kalteberak ez badira, edota aurretiazko patologiarik ez badute.
Oraingoz ez da zehaztu zenbat pertsona elkartu ahako diren gehienez hitzordu bakoitzean. Ministro Kontseiluak aurrerago egingo duen bilera batean ezarriko du muga.
Topaketak kalean zein etxeetan edo lokaletan egin ahalko dira. Establezimenduetan, edukiera mugatuko da: % 30ekoa izango da terrazetan 1. fasean, eta % 30ekoa lokal itxietan 2. fasean eta % 50ekoa 3. fasean.
Ministro Kontseiluaren agindu batek zehaztuko du nola egin ahal zaizkien adinekoei bisitak etorkizunean, kontaktu sozialaren ondorioz kutsatzeko arriskua saihesteko.
- Noiz bisitatu ahalko dira zahar-etxeetan bizi diren adinekoak?
3. fasera arte ez da horretarako aukerarik egongo. Aurrerago zehaztuko dira bisita horiek egiteko baldintzak.
- Eta ezinduentzako zentroetara zein tutoretzapeko etxebizitzetara bisitak?
2. fasean.
- Noiz irten ahalko dira kalera 65 urtetik gorakoak eta pertsona kalteberak?
Astelehenetik aurrera, maiatzak 4, 0 fasean, adinekoek eta COVID-19 gaitzaren aurrean kalteberak diren pertsonek irteera mugatuak egin ahalko dituzte.
- Noiz egin ahalko dira gaubeilak?
1. fasean, senide-talde txiki batekin eta distantzia fisikoa zein segurtasuneko protokoloa errespetatuz, eta 2. fasean, hildakoa agurtzera joan daitezkeen pertsonen kopurua handituko da.
- Noiz egin daitezke ezkontzak?
2. fasean, baina segurtasun-neurriak eta urruntzea bermatuta.
- Noiz irekiko dituzte ile-apaindegiak?
Ile-apaindegiak 0 fasean ireki ahalko dituzte, baldin eta aurretiko hitzorduak eskaini ahal badituzte eta langileek norbera babesteko ekipamenduak badituzte. Ezarritako edukiera-neurriak bete beharko dituzte.
Aurrez hitzordurik eskaintzen ez badute, 1. fasera arte itxaron beharko dute jarduera berreskuratzeko.
- Gimnasioetara itzultzeko unea zehaztu al da?
Kirol-instalazioak aire zabalean badaude eta jarduerek kontaktu fisikorik ez badakarte (tenisa edo atletismoa, adibidez), 1. fasean ireki ahalko dira.
Une horretan, halaber, banakako kirol-jarduerak egin ahalko dira, aurrez hitzordua eskatuta, kontaktu fisikorik ez dakarten kirol-zentroetan (ezingo dira aldagelak erabili).
Bestalde, espazio itxia duten instalazioen erabilera 2. fasera arte atzeratuko da, eta soilik kirola jenderik gabe egiten denean eta kontaktu fisikorik behar ez denean baimenduko da.
- Noiz eseriko naiz terraza batean?
1. fasean, terrazak irekiko dira, baina establezimenduaren udal-lizentzian baimendutako mahaien % 30ekin, edo gehiago, Udalak espazio erabilgarri gehiago baimenduz gero. 3. fasean, kopuru hori % 50era igoko da.
- Eta dendetara erosketak egitera joan?
1. fasean, lokalak eta establezimenduak ireki ahalko dira, bezeroak banaka artatzeko aurretiko hitzordua jarrita, baina babes-neurriekin (manparak jarrita, adibidez).
- Noiz irekiko dira zinema-aretoak eta antzokiak?
2. fasean, zinema-aretoak, antzokiak, auditorioak eta antzeko espazioak ireki ahalko dira, baina sarrerak aurretik salduta eta gehienezko edukiera herenera ekarrita.
- Noiz hasiko da berriro ikasturtea?
DBHko 4. mailako, Batxilergoko 2. mailako, Erdi-Mailako eta Goi-Mailako Lanbide Heziketako 2. mailako eta araubide bereziko irakaskuntzako azken urteko ikasleak 2. fasean itzuli ahalko dira gelara, borondatez, eta gehienez 15 ikasleko taldetan banatuta.
- Noiz joan ahalko da hondartzara edo igerilekura?
Hondartzara 3. fasean joan ahalko da, eta tokiko agintarien inplikazio handia beharko da.
Igerilekuen erabilerari dagokionez, etorkizunean datu gehiago eman beharko dituzte hori ahalbidetzeko.
- Eta mugen irekiera?
Espainiako Gobernuak zuhurtzia handiz heldu dio gai horri, eta Europar Batasuneko kideekin hitz egin beharko du erabaki bat hartu aurretik.
- Noiz joan ahalko da beste probintzia batera?
Laugarren fasean bakarrik, hau da, "normaltasun berria" lortzen denean.
- Ba al dago bigarren etxebizitzara joateko aukerarik?
2. fasean, baina bizi zaren probintzia berean badago bakarrik.
- Noiz irekiko dituzte hotelak?
1. fasean, erabilera batzuk baimenduko dira, eremu komunez gozatzeko baimenik gabe; beraz, buffeta debekatuta egongo da, eta segurtasun-neurriak bermatuko dira beti.
- Noiz zaindu ahalko da berriro baratzea?
0 fasean, familia-baratzeak, autokontsumorako baratzeak edo udal-baratzeak badira, betiere bizilekuaren udal berean edo ondoko udalerrian badaude eta higiene zein urruntze-neurri egokiak hartzen badira.
- Noiz berreskuratuko dira ezintasunen bat duten pertsonentzako arreta zerbitzuak eta terapiak?
1. fasean. Halaber, egoitzetan bizi ez diren adinekoei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.