Gizartea -

KORONABIRUSA

Martxoaren 17tik jasotako positibo berrien kopururik txikiena izan du EAEk

Positibo berrien kopurua 441 izatetik 182 izatera jaitsi da. Hildakoen kopurua ere txikiagoa da, 38tik 33ra jaitsi baita.

Cuarta semana de alerta sanitaria por el coronavirus COVID-19. Foto: EFE
Donostia Ospitalea
Azken hiru asteetako kutsatu kopuru baxuena EAEn

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn 33 pertsona hil dira azken orduetan, hau da, 548 pertsona hil dira jada. Gainera, kutsatu berrien kopurua 182 izan da; horrek esan nahi du jaitsiera nabarmena izan dela, positiboen kopururik txikiena martxoaren 17tik. Guztira 8.810 kutsatu daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 1.756 ospitalean daude.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eman ditu ezagutzera, bide telematikoz emandako prentsaurreko batean, koronabirusak EAEn izan duen eraginari buruzko datuak; izan ere, 124 pertsonak jaso dute ospitaleko alta igande honetan, eta, beraz, 3.568 pertsonak jaso dute ospitaleko alta edo sendatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horrenbestez, zenbakiek nabarmen egin dute behera positibo berrien kopuruan, 441 izatetik 182 izatera igaro baitira, eta hildakoen kopuruak ere behera egin du, 38tik 33ra. Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.675 positibo daude, 277 ospitaleratuta. Bizkaian, 4.603 positibo daude, 1.134 ospitalean. Gipuzkoan, 1.532 positibo daude, 345 ospitalean.

33 heriotza berri izan diren arren, Osasun bozeramaileak nabarmendu du "itxaropena" dagoela, "gaixotasuna, epidemiologiaren ikuspuntutik, egonkortze edo goi-ordokiaren fasean sartu delako". "Positiboa ematen dutenen portzentajeak behera egin duela esan dugu azken egunotan", gogoratu du.

Horren harira, joan den igandean 738 proba egin zituztela jakinarazi du, eta "soilik % 29k eman zuten positibo, hau da, % 71k".

Ospitaleetako egoerari dagokionez, "pixkanaka hobera" doazela jakinarazi du, bai zainketa berezien unitateetan, bai ospitaleratzea behar duten pertsonen kasuan. Hain zuzen ere, gaur egun zainketa berezien unitatean 75 ohe libre daudela jakinarazi du.

"Joera aldaketa" gorabehera, "ez da lasaitzeko unea, ezta gutxiagorik ere", uste baitu "bidea oraindik luzea eta gogorra" izango dela.

Test gehiago Lehen Mailako Arretan

Mikel Sanchezek eskerrak eman dizkie Lehen Mailako Arretako profesionalei, egiten ari diren lana "batzuetan ez baita hain agerikoa baina funtsezkoa da", eta iragarri du proba diagnostikoen kopurua handitzeko estrategiari "jarraituz", egin beharreko test kopurua handituko dela, batez ere Lehen Mailako Arretan.

Bestalde, jakinarazi du joan den igandean Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministerioaren 43.000 test azkar baino gehiago dituzten hainbat lote jaso dituela, eta "laster" hasiko direla erabiltzen, "adituen gomendioei jarraituz".

Ildo horretan, zehaztu duenez, astearteko Euskadiko Gaixotasun Larriei Buruzko Aholku Batzordearen bileran erabakiko dute proba diagnostiko horiekin nola jokatu.

Osakidetzarentzat proba "egokiena" PCRak direla azpimarratu ostean, azaldu du test azkar horiek "arinagoak" izateko aukera emango dietela pazientea positiboa den ala ez jakiteko orduan; hala ere, onartu du "sentsibilitatea txikiagoa" dela, eta, beraz, birusarekin bateragarria den paziente orori eta negatibo ematen duenari test azkar bat egiten bazaio, PCR bat ere egingo zaiola, diagnostikoa zein den bermatzeko.

Osasun-langileentzako ostatuak

Mikel Sanchezek ere jakinarazi du osasungintzako langileentzako ostatuak kudeatzen ari direla, profesionalentzako kosturik izango ez dutenak. Araban, Gasteizko Elizbarrutiko Mintegia, Aristiko Jardines Aparthotela eta Lakua hotelaren zati bat prestatu dira, osasun-langileak hartzeko. Bizkaian Hesperia hotela eta "etxebizitza partikularren bat" eskaintzen dituzte; eta, Gipuzkoan etxebizitza partikularrak erabiltzen ari dira.

Bestalde, azaldu du ez dutela kutsatzeen "foku espezifiko berririk" atzeman, eta nabarmendu du oso garrantzitsua dela Osasun Sailak birusaren hedapena geldiarazteko emandako gomendioei jarraitzea, hala nola eskuak garbitzea, ukipen-azalerak garbitzea eta isolamendu-neurriak betetzea. "Adi jarraitu behar dugu", berretsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa