Gizartea -

Koronabirusa

Datozen egunetan salbuespen-egoera ezarriko den zurrumurrua gezurtatu du Ertzaintzak

Sare sozialen bidez zabaltzen ari den albistea benetako balitz, horrek arazoak ekarriko lituzke hornikuntzan epe laburrean. Ertzaintzak erabat gezurtatu du zurrumurru hori.

Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoa Getxon, Ereagako sarbidea kontrolatzen. Argazkia: EFE
Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoa Getxon, Ereagako sarbidea kontrolatzen.
Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoa Getxon, Ereagako sarbidea kontrolatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare sozialen bidez egunotan bolo-bolo zabaltzen ari den "zurrumurru funsgabe" baten berri izan du Ertzaintzak. Albiste horren arabera, Espainiako Gobernuak datozen egunetan salbuespen-egoera ezarriko du, eta horrek epe laburrean arazoak ekarriko ditu hornikuntzan. Dena dela, Ertzaintzak ziurtatu du albiste faltsu bat besterik ez dela.

Ohar baten bidez, Ertzaintzak gogorarazi du Pedro Sanchez presidenteak alarma-egoera luzatu baino ez duela egin nahi, eta, horretarako, asteazkenean Diputatuen Kongresuan ordezkatuta dauden alderdien babesa izan beharko du, Legeak ezartzen duen moduan.

Ildo horretatik, alarma-egoerak elikagaiak eta sendagaiak erosteko aukera bermatzen duela azpimarratu du Ertzaintzak.

Hori dela eta, iturri ofizialetatik ez datozen informazio guztiei entzungor egiteko gomendatu die Ertzaintzak herritarrei, eta sare sozialetan dabiltzan zurrumurruei kasurik ez egiteko, ezta zabaltzeko ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Sare sozialak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Albiste faltsuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera