Gizartea -
Koronabirusa
Sindikatuek osasun arloko langileen segurtasuna bermatzeko eskatu diote Osakidetzari
Halaber, 12:00etan jarduera eten eta bost minutuko isilunea egiteko deia egin die euskal gehiengo sindikalak Osakidetzako langileei, koronabirusaren eraginez hil den erizaina gogoan izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren eraginez hil den Osakidetzako erizainaren "berri tamalgarriaren aurrean", SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek "ezinbestekotzat" jo dute Osakidetzak "norbera babesteko ekipamenduen eta langileen segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako materialen hornidura bermatzea".
Ohar batean azpimarratu dutenez, "beste behin ere, laneko segurtasunak eta osasunak bateragarriak izan behar dute lanarekin eta herritarrei funtsezko zerbitzu bat eskaintzearekin".
"Lan-jardueraren ondorioz gertatu den zoritxarreko gertaera honen aurrean ezinbestekoa da Osakidetzak norbera babesteko ekipamenduen eta plantillaren segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako materialen hornidura bermatzea. Langileei prestakuntza eta informazio nahikoa ere eman behar die", nabarmendu dute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak berak plan bat artikulatu behar dutela gaineratu dute, segurtasun-neurriak betetzen direla bermatzeko. "Ezin dugu hornidurarik gabeko agertoki bat onartu. Horregatik, behar diren materialen erabilgarritasuna bermatzeko plan bat behar da", adierazi dute.
Sindikatuen arabera, "langileen segurtasuna eta osasuna bermatu behar dira, uneotan hain beharrezkoa den osasun-laguntza ere eman daitekeela bermatzeko".
Hori dela eta, "berehala jarduteko" eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari, eta "nahitaez funtzionatzen jarraitu behar duten oinarrizko zerbitzuetan" segurtasuna bermatzeko "ahalegin guztiak" egin behar direla ohartarazi dute.
Xingola beltza
Bestalde, hildako 52 urteko erizainaren familiari elkartasuna adierazteko eta Osakidetzari berehalako neurriak har ditzala eskatzeko, sindikatuek datozen bi egunetan xingola beltz bat eramateko eta leihoetatik trapu beltzak zintzilikatzeko eskatu diete osasun arloko langileei.
Halaber, 12:00etan euren jarduera eten eta hildako lankideagatik bost minutuko isilunea egiteko deia egin diete SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek langileei.