Gizartea -
Koronabirusa
Eskola kirola bertan behera utzi dute EAEn, koronabirusa dela eta
Ostegun honetatik aurrera ez da eskola kirolik izango, entrenamenduak barne, Gipuzkoan eta Bizkaian. Araban astelehenean hartu zen etetearen neurria.
eitb.eus
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eskola kiroleko jarduera eta lehiaketa guztiak bertan behera uztea erabaki dute, entrenamenduak barne, koronabirusagatik, bi foru erakundeek jakitera eman dutenez. Araban etenda dago joan den asteartetik, martxoaren 10etik.
Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan eskola jarduera bertan behera uzteko hartutako erabakiaren ildotik dator etenaldia. Orain Bizkaiak eta Gipuzkoak ere erabaki dute ostegun honetatik aurrera eta bi astez jarduera etetea.
Eskola kirolen eta kirol lehiaketen bideragarritasunaren inguruan sortu diren zalantzen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eskola kirola -lehiaketak eta entrenamenduak- eta kirol federatua bertan behera uztea erabaki du. Akordio hori Gipuzkoako kirol federazio eta erakundeei jakinarazi die, gaur goizean helburu horrekin egindako bileran.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.