Gizartea -
Koronabirusa
90 urteko gizon bat Txagorritxun, bigarren hildakoa Euskal Herrian
Hildakoak gaixotasun kronikoak zituen. Gainera, 25 kasu berri antzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrela, dagoeneko 70 kasu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta hiru gehiago Nafarroan.
eitb.eus
90 urteko gizon bat Gasteizko Txagorritxu Ospitalean hil da koronabirusarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean baieztatu duenez. Euskal Herriko bigarren hildakoa da. Aldez aurretik gaixotasunak zituen hildakoak.
Gainera, 25 kasu berri antzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrela, dagoeneko 70 kasu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta hiru gehiago Nafarroan.
Gizonak eritasun kronikoak zituen, eta ospitalean bakarturik zuten, koronabirusarekin positibo eman ondoren. Azken orduetan antzemandako 25 kasu berrietatik 20 Araban izan dira eta bost Bizkaian.
Araban, 20 positibo gehiago izan dira, ondorioz, jadanik 53 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin. Guztira, 18k ospitalean jarraitzen dute, horietako hiruk ZIUn.
Gipuzkoan, ez dago berririk, eta bi kasu positiboak mantentzen dira, horietako bat ospitalean dagoelarik.
Bizkaian, bost kasu gehiago antzeman dituzte, ondorioz, 15 kasu dira lurralde historikoan. Horietatik 9k ospitalean jarraitzen dute, batek ZIUn.
Horrela, 70 kutsatuetatik 28 ospitalean dira EAEn, horietako lau ZIUn.
Osasun Saila eta Osakidetza "lehen unetik" diagnostikatutako pertsonen harremanei jarraipena egiten ari zaizkie.
Kutsaduraren iturria hobeto zehaztu ahal izateko, Jaurlaritzako epidemiologia adituak kasu bakoitza aztertzen ari dira.
Horrela, nahiz eta kasu kopuruak gora egin, bereziki Araban, epidemiologia taldeek "euste fasean" lanean jarraitzen dute, birusa zabaltzea eragozteko.
Nekarne Murga Osasun sailburuak Arabako Osasun Publiko Ordezkaritza bisitatu du goizean, egoeraren berri "lehen eskutik" izateko. Era berean, Donostiako egoitzan izan da agintaria. Gipuzkoako eta Bizkaiko osasun langileak Arabako lankideei laguntza eskaintzen ari dira.
Hiru lagun ospitaleratuta Nafarroan
Nafarroako Osasun Kontseiluak adierazpen bat onartu du, Nafarroako Gobernuko Osasun Ministerioak koronabirusaren aurrean egiten ari den kudeaketa teknikoari babesa adierazteko.
Hori dela eta, "gomendioei jarraitzea" eta "osasun arloko profesionalek egoera eraginkortasunez kudeatzeko garrantzitsua izan daitekeen informazioa arretaz entzutea" aholkatu du.
Nafarroako Osasun Kontseiluak, gainera, osasun-sisteman eta bertako profesionalengan konfiantza handia duela adierazi du, eta izurriteari "zalantzarik gabe" aurre egingo diotela nabarmendu du. Horregatik, "bizimodu arrunta eramatea eta egoera hori kudeatzen dakiten profesionalei entzutea" gomendatu du.
Nafarroan ospitaleratutako hiru pertsonei dagokienez, Gobernuak adierazi du Iruñean bizi diren hiru kutsatuak ospitaleratuta daudela oraindik. 39 urteko emakumea egoera larrian dago, eta haren senidea, 34 urteko gizona, bakarturik.
Positibo eman duen azken pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko kutsatu batekin kontaktua izan duen 27 urteko neska bat da. Gainerako pazienteak dauden ospitalean isolatuta dago, baina "bere osasun egoerak ez da kezkagarria".
Foru Gobernuak emandako azken datuen arabera, Nafarroan 105 koronabirus proba egin dira, eta horietako lauk positibo eman dute: aipatutako hirurek eta Araban bizi den laugarren pertsonak.
Datorren astean, Osasun Kontseilaritzak koronabirusak eragindako osasun alerta eta alarma sozial horren kudeaketan estrategia partekatu bat finkatuko du beste erkidegoekin eta Osasun Ministerioarekin.
Bestalde, Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak larunbat honetan baieztatu duenez, Errioxako Osasun Sailak koarentenan jarriko ditu Errioxako auzoko bateko "hainbat etxadi", Gasteizen izandako hileta batean koronabirusagatik kutsatu ostean.