Gizartea -

Koronabirusa

45 lagun daude koronabirusak kutsatuta EAEn, eta hiru Nafarroan

Azken orduotan, beste 18 kasu atzeman dituzte Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak esan duenez. Ipar Euskal Herriko kasu bakarrak azkenean negatibo eman du.

Txagorritxuko Ospitalea, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Txagorritxuko Ospitalea, artxiboko irudian
Txagorritxuko Ospitalea, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak koronabirusaren 45 positibo baieztatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta hiru Foru Erkidegoan, hau da, ostegunean baino 18 kasu gehiago Euskadin eta bat gehiago Nafarroan. 19 lagun daude ospitaleratuta EAEn, bi zainketa intentsiboetako unitatean; Nafarroan, aldiz, kutsatutako hiru gaixoak daude Nafarroako Ospitalean.

Lurraldeka, ostiral eguerdian, hau da COVID-19 gaixotasuna duten lagunen Euskal Herriko behin-behineko balantzea: 33 Araban (ostegunean baino 13 gehiago), hamar Bizkaian (bost gehiago), hiru Nafarroan (bat gehiago), eta bi Gipuzkoan. Guztira, 48 lagun dira; horiei, baina, Burgosen eta Errioxan bizi diren Txagorritxuko bi langileren kasuak gehitu behar zaizkie. Lapurdin hasiera batean positiboa eman zuen pertsonari egindako probek, aldiz, azkenean baztertu egin dute horrek COVID-19 gaixotasuna pairatzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak zehaztu duenez, azken bi asteotan berak zuzentzen duen Sailak 500 proba baino gehiago egin ditu, eta % 90ek baino gehiagok negatiboa eman dute.

Nafarroako hirugarren positiboa, 27 urteko emakume bat

Bitartean, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak Foru Erkidegoko hirugarren kasua baieztatu du. Iruñerrian bizi den 27 urteko emakume bat da, eta aurretiazko proban eman du positiboa; Nafarroako Ospitalean dago, eta sintoma arinak ditu. Ondorioz, 31 kasu daude Euskal Herrian, guztira.

Gobernuak azaldu duenez, kasu honek ez du zerikusirik orain arte Nafarroan atzeman duten gainerakoekin. Foru Erkidegoko Gobernuak ostegun eguerdian jakinarazi zuenez, Osasun Departamentuak COVID-19ko 83 proba zituen eginak, eta hirutan izana zen emaitza positiboa: larri baina egonkor dagoen 39 urteko emakume bat, sintoma arinak dituen 34 urteko haren bikotekidea, eta Araban bizi den herritar bat. Azken horren kasua Osakidetza ari da kudeatzen.

27 urteko emakumeak Barañaingo Santa Luisa Marillac eskolan lan egiten du, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Nafarroako Gobernuak adierazi du Osasun Publikoak protokoloa abiatu duela, eta emakumearen balizko kontaktuak ari dela aztertzen. Osasun Departamentuaz gain, eskola, Hezkuntza Departamentua eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua ere lanean ari dira, kasua aztertzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Osasun albisteak Zuberoa Koronabirusa olatu berria Lapurdiko berriak Nafarroa Behereko berriak Osasunbidea gaur