Gizartea -

Koronabirusa

Koronabirusaren balantzea, EAEn: hildako bat eta 27 kutsatu, hiru larri

Gainera, Nafarroan hiru kasu daude, eta beste bat Lapurdin; Txagorritxun lan egiten duten eta Burgosen eta Errioxan bizi diren beste bi lagunek ere positiboa eman dute.

Eusko Jaurlaritzak sailarteko Mahaia bildu du goizean. Argazkia: EFE.
Eusko Jaurlaritzak sailarteko Mahaia bildu du goizean
Eusko Jaurlaritzak sailarteko Mahaia bildu du goizean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lagun bat hil da eta 27 kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren eraginez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostegun honetan jakinarazi duenez. Hiru larri daude, bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean, Nekane Murga sailburuaren esanetan, eta azken orduetan beste sei kasu atzeman dituzte, lau Araban eta bi Bizkaian. Gainera, Nafarroan bi kasu daude, eta beste bat Lapurdin; Txagorritxun lan egiten duten eta Burgosen eta Errioxan bizi diren beste bi lagunek ere positiboa eman dute.

Hildakoa, 82 urteko gizon bat bera, asteazkenean zendu zen, Galdakaoko Ospitalean. EAEren barruan, COVID-19ko kasuak honela daude banatuta: 20 kasu daude Araban, bost Bizkaian, eta bi Gipuzkoan.

Nekane Murga sailburuak prentsaurrekoa eman du Eusko Jaurlaritzaren sailarteko Mahaiaren bilera amaituta; azaldu duenez, azken orduetan atzemandako kasuak pneumonia zuten gaixoei egindako probetan identifikatu dituzte, eta, hortaz, oraindik ezaguna ez den COVID-19ko foku batekin daude lotuta.

Horrek ahalegin handiagoa eskatuko die epidemiologoei, kutsaduren jatorria zehazte aldera. Horretarako, lantaldea indartuko dute, 12 lagunekin: 6 aste honetan, eta beste 6 hurrengoan. Hortaz, "hainbat ikerketa-lerro" daude abian, eta kutsatuta dauden batzuk daude tartean; besteak beste, zero-pazientea. Azken hori Txagorritxuko mediku bat da, eta oraindik ez da argitu nola kutsatu zen.

11 lagun, ospitaleratuta

Euskadin kutsatuta dauden 27 gaixoetatik 11 ospitaleratuta daude, eta hiru "larriago" daudela adierazi du Murgak; bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago. Sailburuak nabarmendu duenez, adingaberik ez dago, kutsatuen artean.

Euskadik birusaren "euste-fasean" jarraitzen du, eta ez dago aurreikusita beste prebentziozko neurririk hartzea; sailburuak baztertu du zehaztea zer neurri ezarriko liratekeen etorkizunean, egoera aldatuz gero, baina ziurtatu du beste erabaki batzuk hartuko lituzketela, beharrezkoa izango balitz.

Oraingoz, Espainiako Gobernuaren gomendioei jarraituta, Baskonia-Milan saskibaloiko Euroligako partida ateak itxita jokatuko dute. Neurketa hilaren 25ean izango da, eta, egoera aldatu ezik, horrela egingo dute, Murgak azaldu duenez.

Sailburuak ez du zehaztu zenbat lagun dauden isolatuta positiborekin batekin kontaktuan izateagatik (asteazkenean 250 ziren), baina adierazi du koarentenan dauden osasun-langile gehienek (asteazkenean 100 bat ziren) Araban lan egiten dutela. Bertan, zerbitzua bermatuta dago, plangintza berrantolatuta.

Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, Galdakaoko Ospitalean (bertan zendu zen atzo Euskal Herrian koronabirusagatik hildako lehen pertsona), Larrialdietako zerbitzuko hainbat langile koarentenan jarri dituzte, bai eta Ospitaleko bi solairuko osasun-langile guztiak ere.

COVID-19ko kasuak egon diren gainerako euskal ospitaletan, kutsatuekin kontaktua izandako lagunak identifikatu dituzte, eta jarraipena egiten ari zaie.

Kutsadura-arriskua murrizteko, ospitale horietan bisitak mugatu dituzte, bai eta korridoreetan egoteko denbora ere, eta ikasleen praktikak bertan behera utzi dituzte. Koronabirusa duten gaixoek, nolanahi ere, ez dute behar "isolamendu espezifikoko gunerik".

Hala ere, positiboren batekin kontaktua izan ahal izan duten Bizkaiko ospitaletako osasun-langileen kopurua Txagorritxuko zifra baino txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa balitz, Bizkaiko ospitaleak ere indartzeko aukera legoke, Osakidetzak "sarean" egiten baitu lan.

Basurtuko Ospitalean hainbat patologia pairatzen zituen eta gerora positiboa eman zuen gizon bat izan zen; kafetegia eta langileentzako jantokia itxi dituzte, pertsonen taldeak biltzea eta kutsadurak saihestea helburu. Beste neurri higieniko batzuk ere hartu izan dituzte.

Sailburuak berretsi du garrantzitsua dela neurriak oso kontuan hartzea adinekoen egoitzetan; izan ere, gaixo kronikoekin batera, bereziki ahula den giza taldea da adinekoena.

Hain zuzen, Gasteizko zaharren egoitza batean kutsatutako lagun bat atzeman dute; Txagorritxun zegoela kutsatu zen. "Beharrezko neurriak" hartu dituzte, alegia, balizko kontaktuak identifikatzea, eta jarraipena egitea.

Osasun Sailak, horrez gain, kutsadurak saihesteko gomendio gehiago eman ditu; aholkatzen du gutxienez metro bateko tartea uztea sintomak dituzten pertsonekiko ("onena" metro eta erdia da), ez ukitzea beste pertsonen aurpegia, bereziki sudurra eta mukosak, eta eskuekin kontaktuan dauden gainazalak ahal bezain ondo garbitzea.

Nafarroako bi gaixoak, "egonkor"

Nafarroan, COVID-19 gaixotasuna duten hiru lagun daude, bi emakume, eta horietako baten bikotekidea. Egonkor daude, eta ez dago aldaketarik euren egoeran, Foru Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, emakumeetako bat, 39 urtekoa bera, Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago, larri baina egonkor; bikotekidea (34 urte ditu) Nafarroako Ospitalean dago, halaber, baina "egonkor, arriskurik gabeko egoeran".

Azkeneko positiboa 27 urteko emakume iruindar batena da. Ez du zerikusirik aurreko biekin. Nafarroako Ospitalean dago ingresatuta, baina ez dago larri.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko kasu batekin izan dezake lotura azken honek, baina oraindik azterketa epidemiologikoaren emaitzaren zain daude.

Orain arte, Nafarroan 83 PCR analisi kliniko egin dituzte (koronabirusak eragindako kutsadura ote dagoen zehazten du analisi horrek); 80k negatiboa eman dute, eta hiru positibo izan dira. Positibo horietako bi Nafarroako Ospitalean dauden bi lagunak dira; bestea, aldiz, Araban bizi den gaixo baten kasua da, eta Osakidetza ari da kudeatzen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak COVID kasuak Osasunbidea