Gizartea -

Bigarren Dibidendu Digitala

Nola ordenatu LTDko kanalak ETBk urrutiko aginteko lehen botoietan jarraitzeko

LTDko kanalak ikusten jarraitzeko, milaka herritarrek egokituta izan beharko dute antena, kateak berriro sintonizatu beharko dituzte eta kanalak berriro ordenatu, urrutiko agintea erabiliz.

Erraza da ETBko kanalek urrutiko aginteko lehen botoietan jarraitzea. ETBren bideo bateko argazkia.
Oso erraza da ETBko kanalek urrutiko aginteko lehen botoietan jarraitzea
Erraza da ETBko kanalek urrutiko aginteko lehen botoietan jarraitzea. ETBren bideo bateko argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondorengo asteotan, Euskal Herriko milaka herritarrek hiru gauza egin beharko dituzte etxean LTDa (irekian eta doan ematen duten telebista) ikusten jarraitzeko. Honakoa egin beharko dute, ordena honetan: LTDko antena kolektiboak berriro egokitu (telekomunikazio-instalatzaile batekin hitz egin behar da horretarako), LTDko kanalak telebistan berriro sintonizatu eta ordenatu (ETBkoak lehen botoietan izaten jarraitzeko).

Bigarren Dibidendu Digitalaren ondorioz egin beharko da hori. 2020ko ekainaren 30erako, Europak aginduta eta 5G telekomunikazioetako etorkizuneko sareak hedatzea xede, espektro erradioelektrikoko 700 MHz-eko banda askatu behar da.

Aldaketa data hauetan egingo dute: otsailaren 10etik 11rako gauean, Gipuzkoan; otsailaren 16tik 17rako gauean, Nafarroan, eta martxoaren 2tik 3rako gauean, Araban eta Bizkaian. Egun horietarako, arestian esandako hiru pausoetako lehena (antena egokitzea) emanda izan behar da.

Bigarren Dibidendu Digitalaren ostean LTDa ikusten jarraitzeko, hauek egin behar dira:

1) Antena berriro egokitu

LTDko eskaintza osoa telebista-antenaren bidez ikusi nahi baduzu, hau da, telebista soilik kable-sistema erabiliz ikusten ez baduzu, etxeko antena kolektiboa egokituta izan behar duzu. Oraindik ez baduzue egin, hitz egin finka-administratzailearekin edo komunitateko presidentearekin, ahalik eta lasterren eska diezaion telekomunikazio-instalatzaile bati egokitzapen hori egiteko.

Espainiako Gobernuak laguntza ekonomikoak eskaintzen ditu egokitzapen hau egiteko. Instalatzaileak emango dizu horren berri. Familia bakarreko etxebizitza batean bizi izanez gero, ez duzu antena egokitu beharrik; nahikoa da telebista berriro sintonizatzearekin.

2) Zure telebista berriro sintonizatu

LTDko kanalak sintonizatzeko, piztu telebista, eta urrutiko agintean MENU izeneko botoia sakatu. Pantailan, hainbat aukera izango dituzu ikusgai; urrutiko agintean geziaren itxura duten teklak erabiliz, mugitu pantailatik, INSTALAZIOA izeneko aukerara iritsi arte (baliteke KONFIGURAZIOA izena izatea).

OK tekla sakatuta, beste aukera batzuk izango dituzu ikusgai telebistan. Bilatu KANALAK BILATU izenekoa (edo izen horren antzeko bat duena), eta OK sakatu, berriro.

Jarraian, urrutiko aginteko geziak baliatuz, topatu BILAKETA AUTOMATIKOA edo BERRIAK SINTONIZATU aukera.

Zure telebistak, hala, kanal guztiak topatuko ditu. Itxaron hori egiten amaitu arte; abisua agertuko zaizu pantailan.

Irteteko teklaren bat zehaztuko dizu (OK izan daiteke, edo besteren bat), eta LTDko kanal guztiak izango dituzu berriro telebistan.

3) Zure telebistako kanalak berriro ordenatu, ETBk urrutiko aginteko lehen botoietan jarraitzeko

Zure telebistan kanalak berriro ordenatzean, gogoratu: zure etxea eta zure telebistan, zuk agintzen duzu. ETBko kanalak zure gogokoenak badira, utzi lehen tokietan!

Kanalak ordenatzeko, berriro ere telebista piztu, eta, beharrezkoa balitz, LTDko hargailua ere, eta MENU tekla sakatu urrutiko agintean. Bilatu KANALAK ORDENATU aukera (KANALAK ANTOLATU izena ere izan lezake), eta OK sakatu. ALDATU edo antzeko izena duen aukera hautatu, OK sakatuz, eta, jarraian, ondorengoak agertuko zaizkizu: KANALAK SALTATU, KANALAK MUGITU, KANALAK BLOKEATU… Aukeratu KANALAK MUGITU, eta OK sakatu.

Telebistan, sintonizatuta dituzun kanal guztiak agertuko zaizkizu, zerrenda batean, indarrean duzun ordenan. Edozein kanalen tokia aldatzeko, jar zaitez horren gainean, eta emaiozu OK botoiari; hori eginda, mugitu urrutiko agintearen bidez, geziaren itxura duten teklak erabiliz, nahi duzun tokiraino iritsi arte. Aldaketa baieztatzeko, OK sakatu.

Bilatu ETB1HD eta ETB2HD, eta urrutiko aginteko 1. eta 2. botoietan kokatu. Nafarroan, ETB1ek eta ETB2k ez dute seinalea HD formatuan igortzen; hortaz, bilatu ETB1 eta ETB2.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Telebista Eguneko albisteak Albisteak Telebistako Programazioa ETB Nafarroa EITB Taldea LTDaren azken ordukoa