Gizartea -
Martxoak 8
Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio feministekin bat egingo dute pentsiodunek
Erretirodunek eta pentsiodunek protesta egin dute berriro astelehen honetan. Bilbon, “pentsiodunek pankarta propioa eramango dute, eta gizonezkoak atzealdean joan dira emakumeak babestuz”.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako pentsiodunek protesta egin dute berriro astelehen honetan. Bestalde, martxoaren 8ko mobilizazio feministetan parte hartuko dutela iragarri dute.
Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen kolektiboko bozeramaileak egin du iragarpena, Bilboko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean.
Ehunka pentsiodunek eta erretirodunek elkarretaratzea egin dute berriro astelehen honetan, udaletxe aurrean, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera aldarrikatzeko.
Bestalde, martxoaren 8an, Bilbon, egin beharreko bi elkarretaratzeekin bat egiteko deia egin du Uñak. Eguerdian eta 19:00etan izango dira. Emakume “pentsiodunek pankarta propioa eramango dute, eta gizonezkoak atzealdean joan dira emakumeak babestuz”.
Martxoaren 11ko protesta “zabalagoa” izango dela iragarri du Victor Otayo bozeramaileak; izan ere, “Bizkaiko herrietatik jende gehiago etorriko da”, Derrigorrezko Erretiroaren urteurrenean.
Gasteizen, ehunka pentsiodunek ibilbidea egin dute hiriko erdialdean, eta Emakunderen egoitzaren eta Arabako Aldundiaren Gizarte-ongizate alorreko bulegoen aurrean elkarretaratzea egin dute. Emakumeen kolektiboaren agiri bat irakurri dute, martxoak 8ko mobilizazio feministekin bat egiteko.
Eguzkiñe Bengoa Pentsionistak Araba plataformako ordezkariak azaldu duenez, soldata arrakalak kolektiboari eragiten dio, batez ere alargunen kasuan eta “gutxiago lan egin, soldata txikia edo familia zaindu” duten emakumeek kotizatutako urteen zenbaketan: 400-700 euroko pentsioak kobratzen dituzte.