Gizartea -

Euskara

'EuskarAbentura' espedizioak Gipuzkoa zeharkatu du, eta Iparraldean sartu da

"EuskarAbentura azken urteotan euskalgintzatik sorturiko ekimenik ederretako bat dela iruditzen zait”, adierazi du Kike Amonarrizek.

'EuskarAbentura' ekimeneko taldekide batzuk, Gipuzkoako kostaldean. Argazkia: euskarabentura.eus
'EuskarAbentura' ekimeneko taldekide batzuk, Gipuzkoako kostaldean. Argazkia: euskarabentura.eus
'EuskarAbentura' ekimeneko taldekide batzuk, Gipuzkoako kostaldean. Argazkia: euskarabentura.eus

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EuskarAbentura’ espedizioak aurrera darrai. Hala, 300 km inguru eginda, gazteek Abadiako jauregia bisitatzeko aukera izan dute asteburu honetan, Lapurdin sartu aurretik. Abenturaren 21. egunean kostaldea bisitatu dute, euskararen egoera zein den ezagutu duten bitartean. Eguraldia lagun, lehen bainua elkarrekin hartu dute Biarritzen, eta euskal monetaren nondik norakoak ezagutu dituzte Baionan, Xebax Christy Eusko elkarteko presidentearen eskutik.

Azken egunotan Gipuzkoa zeharkatu du ‘EuskarAbenturak’. Uztailaren 16an, Zerainera iritsi zen taldea, eta herriak afari ederra prestatu zuen, auzolanean. Gazteen esanetan, giro ederra sortu zen eta kantuan eta elkarri besarkatuta eman zioten amaiera egunari.

Hurrengo egunean, Aizpeako meategiak bisitatu zituzten gazteek, eta aurrerago Goierritik barrena Ormaiztegira bazkaltzera iritsi ziren, bertako Zumalakarregiren Museoan sartu-irtena egiteko. Tolosara trenez sartu zen espedizioa, eta Olatz Peonek, herriko alkateak, harrera egin zien Udalean, erdigunetik bisita gidatua egin aurretik.

Uztailaren 18an Mattin Zeberio gazte tolosarrak zuzendutako “Zortzi Yucon” dokumentala ikusi eta Zeberiorekin solasaldia egiteko aukera izan zuten espedizioko kideek. Arratsaldean, sormen lanean laguntza ematen ari diren sortzaileak hurbildu ziren Tolosara.

Zerkausi plazako afarira Kike Amonarriz batu zen, ostean hitzaldi borobila eskaintzeko. ”EuskarAbentura azken urteotan euskalgintzatik sorturiko ekimenik ederretako bat dela iruditzen zait”, adierazi zuen Amonarrizek.

Ostegunean Tolosaldea atzean utzi eta Buruntzaldean murgildu zen espedizioa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean Berria ezagutzeko, Martxelo Otamendiren eskutik. Martxa berriz hartuta, Hernaniraino heldu zen, bertan Broken Brothers Brass Band-en erritmopean dantzan aritzeko.

Ostiralean, Astigarragatik igarota Santiagomendiko Sagardo Bidea hartu zuten gazteek, Oiartzundik igarota Irunen bukatzeko etapa. “Handia” filma eta bere zuzendaria, Aitor Arregi, zain zituzten bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Iparraldea Tolosa EAE albisteak Baiona Biarritz Gizartea Euskaraldia EuskarAbentura Gazteak