Gizartea -
Lurraren berotzea
Eraikin publikoen itzalaldia, 'Planetaren ordua' dela eta
Hego Euskal Herriko erakundeen egoitza nagusietako argiak ordubetez itzali dituzte, 20:30etik 21:30era, hiriburuetan bereziki.
agentziak | erredakzioa
Hego Euskal Herriko erakundeek bat egin dute berriro 'Planetaren ordua'rekin Lurraren berotzeaz ohartarazteko, eta egoitza nagusietako argiak ordubetez itzali dituzte, 20:30etik 21:30era
Hala, Eusko Jaurlaritzak ezinbestekoak ez diren argiak itzali ditu Gasteizko Lakuan, Bilboko Kale Nagusian, eta Donostiako Andia kalean.
Ihoberen egoitzaren, Urdaibaiko Biodibertsitate Zentroaren eta Txingudi Ekoetxearen argiak ere itzali ditu.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak gauza bera egin du aurreko asteartean World Wildlife Fundek sustatutako ekimenarekin bat egitea onartu ostean.
Bilboko Udalaren esku dauden eraikinei dagokienez, Aznar Eraikinaren, udaletxearen, Udaletxeko Zubiaren, Begoñako Basilikaren, San Vicente Elizaren, Arriaga Antzokiaren eta Tigre Eraikinaren argiak itzali dituzte.
Gasteizko Udalak ere horixe egin du hiriaren leku esanguratsuenetan: Andra Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria eta San Miguel Eliza. Donostiako Udalak ere bat egin du ekimenarekin.
Nafarroa
Foru Erkidegoko erakunde, enpresa eta herritarrek ere bat egin dute 'Planetaren ordua'rekin, munduko 7.000 hiritan bezalaxe.
Etxe, lantoki, kale eta eraikin esanguratsuak ilunpean geratu dira, 178 herrialderekin batera egingo duten 60 minutuko "keinu sinbolikoa"ren bitartez.
Beste udal erakunde batzuen antzera, Iruñeko Udalak ere bat egin du ekimenarekin eta, webgunean iragarri duenez, udaletxearen aurrealdeko argiak, harresikoak eta Vianako Printzea, Merindadeen, Rodezno Kondearen eta Nafarroako Blanca plazetakoak itzali ditu.
Tuterako Udalak, aurreko urteetan bezalaxe, Plaza Berriko argiak itzali eta kioskokoa bakarrik utzi du piztuta.