Ekonomia -
Eskaera indar politikoei
EAEk eta Nafarroak enplegu publikoa erabaki ahal izatea Kongresuan defendatzeko eskatu du gehiengo sindikalak
Horretarako, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek maiatzaren 20an euskal indar politikoekin banan-banan biltzea eskatu dute. Gainera, sindikatuek mobilizazioei ekingo diete berriro maiatzaren 27an. Eudelen eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte.
Agentziak | EITB Media
ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek aldebiko bilerak egitera deitu dituzte euskal indar politikoak maiatzaren 20an, Diputatuen Kongresuan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan sektore publikoko soldatak eta enplegua Madrilgo "betorik" gabe erabaki ahal izatea defendatzeko.
Bilbon emandako prentsaurreko batean, sindikatu horietako ordezkariek azken hauteskunde orokorretan Hego Euskal Herrian ordezkaritza lortu zuten indar politikoekin bilera sorta iragarri dute. Sindikatu horiek mobilizazioak eta grebak sustatu dituzte euskal sektore publikoan, UGTren parte-hartzerik gabe, eta eskaera hori izan dute aldarrikapen nagusien artean.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk, Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek erantzuteko zain daude sindikatuak. Aldebiko bilerak astelehenean eskatu zizkieten alderdi politikoei.
Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, proposamen bat aurkeztuko diete, Kongresuan zuzenketa bat aurkez dezaten. Zuzenketa hori onartuz gero, foru-lurraldeei aukera emango lieke langile publikoen baldintzei buruz erabakitzeko, euskal erakundeetatik funtzionarioen soldatak eta lan-baldintzak finkatzeko.
Horrekin "ez genuke arazorik izango zerbitzu publikoak indartzeko", enplegu publikoa sortuz eta sendotuz, lan-baldintzak hobetzeaz gain, Igor Eizagirre ELAko ordezkariak esan duenez, hori lortzea "borondate politiko kontua" da.
Diputatuen Kongresuan, aurrekontuen lege bat eztabaidatzen ez duten arren, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorioei aurre egiteko neurri ekonomiko eta sozialak hartzeko lege-proiektu bat negoziatzen ari direla azaldu du, baita lehortearen ondorioak arintzeko ere. Talde sozialistak eta Sumarrek zuzenketa bat aurkeztu dute, "Madrilek ezarritako soldata igoerak ez direnak negoziatzea eragozteko".
Sindikatuek gaitzetsi egin dute euskal indar politikoek zuzenketarik aurkeztu ez izana lege-proiektu horri, eta, horregatik, bilera-sorta eskatzea erabaki dute, "Madrilek ezarritako betoa kentzeko".
Horrez gain, sindikatuek hilaren 27an ekingo diete berriro sektore publikoan mobilizazioei. Orduan, elkarretaratzeak egingo dituzte Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzen aurrean.
Protesta horietan, "Espainiako Gobernuaren ordezkaritza gisa funtzionatzeari uzteko" eta zerbitzu publikoak indartzeko eta beharginen baldintzak hobetzeko eskatuko diete euskal erakundeei. Era berean, sindikatuek lege-proiektu hori Diputatuen Kongresuan bozkatu baino lehen manifestazioa egiteko asmoa dute.