Ekonomia -

Eustat

Langabezia tasa % 7,9ra igo da lehen hiruhilekoan EAEn

Hala ere, azken urtebeteko datuei erreparatuta, 17.800 landun gehiago izan dira, eta langabezia tasak ehuneko puntu bat egin du behera, % 8,9tik % 7,9ra.

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia tasa % 7,9ra igo da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urteko lehen hiruhilekoan, 2023ko laugarren hiruhilekoari dagokion berrikusitako datua baino zazpi hamarren gehiago (% 7,2), Eustatek ostegun honetan zabaldutako datuen arabera.

Hiruhileko honetan 84.600 langabe eta 980.900 landun zenbatu dituzte. EAEko lan merkatuaren 2024ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, 2023ko laugarren hiruhilekoan baino 1.500 landun gehiago eta 9.100 langabe gehiago daude.

Azken urtean, 2023ko lehen hiruhilekotik 2024ko lehen hiruhilekora, 17.800 landun gehiago izan dira (% 1,8), eta 9.400 langabe gutxiago. Halaber, langabezia tasak ehuneko puntu bat egin du behera, % 8,9tik % 7,9ra.

Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa % 56,4koa izan da 2024ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 0,1 ehuneko puntu erdi gehiago.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian 5.800 langabe gehiago zenbatu dituzte, Gipuzkoa, 2.900 gehiago, eta Araban, 300 gehiago. Hiriburuko datuei erreparatuz gero, Bilbon 1.700 langabe gehiago daude; Donostian, 1.100 gehiago, eta Gasteizen, 500 gehiago.

Okupazioak gora egin du zerbitzuetan eta lehen sektorean, eta behera industrian eta eraikuntzan

EAEn 4.100 landun gehiago zenbatu dituzte zerbitzuetan (% 0,6) eta 700 gehiago lehen sektorean (% 9). Aitzitik, industrian landunen kopuruak behera egin du, 1.200 eta 2.000 gutxiago baitira, hurrenez hurren.

Okupazio tasa, 16 eta 64 urte bitarteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, % 0,3 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, % 69,9koa izan baita. Tasa hori % 73,2koa da gizonen artean, eta % 66,6koa, berriz, emakumeen artean.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan 4.500 landun gehiago daude, eta Araban 1.000 gehiago. Bizkaian, berriz, 4.000 pertsona gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Donostian 1.900 pertsonatan igo da okupazioa eta Gasteizen 1.500 pertsonatan; Bilbon, berriz, 2.500 pertsonatan jaitsi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Donostiako azken albisteak Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Eustat