Ekonomia -
Turismoa EAE-n
Turistek EAEko hoteletan egindako egonaldiak % 4,4 igo ziren otsailean
Opor garaian kenduta, sektoreak hazteko duen joera erakusten dute datuok. Sarreren herena atzerritik etorri dira, iazko sasoi berean baino % 8 gehiago.
EITB Media
Turistek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletan egindako sarrerak % 4,4 gehitu dira otsailean, iazko epe berarekin alderatuta, eta 222.106 izan dira guztira. Gaualdiek gora egin dute, % 1,9, 408.489 zenbatzeraino.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur kaleratu ditu hilero establezimenduei egiten dien inkestaren emaitzak. Opor garaian ez ezik, gainerako hilabeteetan bisitarien kopurua hazten jarraitzen dutela adierazten dute datuok. Urtarrilean ere gora egin zuten sarrerek eta gaualdiek, apur bat gutxiago izan bazen ere (% 3).
Bada beste datu deigarririk: sarreren herena (% 33,7) atzerritik etorri dira, 2023ko otsailean baino % 7,8 gehiago. Gaualdien kasuan, bestalde, are nabarmenagoa izan da atzerritarren presentzia (% 35,4), baina apalagoa igoera (% 6,4koa).
Araba da gehien hazi den lurraldea, sarreretan % 5,9 igota (29.467) eta % 8,6 gaualdi gehiago erregistratuta (65.123). Dena dela, Bizkaiak hartzen ditu turista gehien (100.198 sarrera eta 180.399 gaualdi), Gipuzkoa gertu badu ere (92.441 eta 162.967, hurrenez hurren).
Hiriburuei dagokienez, sarreren kopurua modu berdintsuan igo da Donostian (% 8,6) eta Gasteizen (% 8,5), eta apalagoan, Bilbon (% 2,9).
Hori horrela, betetze maila % 44koa izan da otsailean, plazen arabera neurtuta. 2023ko otsailarekin alderatuta behera egin du pixka bat. Bestalde, batez besteko egonaldia 1,84 egunekoa izan da, iazko otsailean baino zertxobait txikiagoa (1,88 egun).