Ekonomia -

Itunpeko irakaskuntza

Sindikatuen arabera, itunpeko eskoletako grebak % 65eko jarraipena izan du; patronalaren hitzetan, % 16koa

Sindikatuek hitzarmena sinatzeko proposamenak lehenbailehen egiteko eskatu diete patronalei. Gainera, "konponbidea ez oztopatzeko eta gatazka bideratzeko esku hartzeko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Grebaren hirugarren eguneko manifestazioa Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Argazkia: EFE.
Grebaren hirugarren eguneko manifestazioa Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan
Grebaren hirugarren eguneko manifestazioa Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, CCOO, LAB, UGT eta Steilas sindikatuek manifestazioa egin dute astearte honetan Gasteizen, Euskadiko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileentzako hitzarmen berri bat eskatzeko. Sindikatuen arabera, % 65eko jarraipena izan du gaurko grebak.

Kristau Eskolak, bere aldetik, grebaren jarraipena % 16,36koa izan dela esan du. Patronalak ohar batean zehaztu duenez, 93 zentroren erantzunetatik ateratako datuen arabera, 1.070 langilek egin dute greba, eta horrek esannahi du jarraipena % 16,36koa izan dela.

Manifestazioan milaka lagunek hartu dute parte, sindikatuen arabera, eta aste honetarako deitutako hiru greba berrien hasierarekin bat egiten du. Guztira, 9.000 langile inguru daude deituta grebara.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Miren Zubizarreta ELAko arduradunak salatu du sektoreko patronala "etxeko lanak egin gabe" joan dela sindikatuekin izandako azken bileretara.

Sindikatuok jakitera eman dutenez, "lehenbailehen eman nahi diogu irtenbidea gatazka honi; horretarako giltza patronalek dute". Hori dela eta, patronalei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete "gatazka atzeratzeko estrategiak eta greba-eskubidea urratzeko jarrerak alde batera utz ditzatela, eta hitzarmena berritzeko edukiak lehenbailehen landu eta eman ditzatela".

Zubizarretak patronalaren jarrera deitoratu du, eta gogorarazi dio hitzarmenak hiru hilabete daramatzala iraungita, eta 15 bilera egin diren arren, ez dela aurrerapausorik eman. Ildo horretan, patronalaren "arduragabekeria" salatu du, egin duen proposamen "zehatz bakarra" soldata eskaintza "erabat onartezina" izan delako, "metatutako KPIa bermatzera ere ez baita iristen".

Sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte urtarrilerako: urtarrilaren 24rako eta 25erako. Bihar, urtarrilak 24, auto-karabanak eta mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Goizeko mobilizazio nagusiak 11:30ean izango dira Bilboko Eskolapioen ikastetxean, Kristau Eskola patronalaren egoitzaren aurrean Donostian eta San Viator ikastetxearen aurrean Gasteizen.

Otsailerako, ELAk, LABek, UGTek, CCOOk eta Steilasek beste bost greba egun deitu dituzte (6, 7, 8, 19 eta 20rako).

Lanuzteak 130.000 ikasle ingururi eragiten die, eta negoziazio mahaiaren bileretan, azkena urtarrilaren 16an, sektoreko hitzarmena berritzeari buruzko akordiorik lortu ez ostean egin dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas Lan gatazkak