Ekonomia -
Manifestazioak
ELA kalera atera da EAJri, EH Bilduri eta Podemosi pentsioen murrizketak galaraz ditzaten eskatzeko
Era berean, lan erreforma indargabetzeari babesa emateko eskatu die sindikatuak alderdi politikoei.
agentziak | eitb media
ELAk deituta, manifestazioak egin dituzte gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan EAJri, EH Bilduri eta Podemosi Espainiako Diputatuen Kongresuan pentsioen murrizketa galaraz dezaten eta lan erreforma bertan behera utz dezaten eskatzeko.
"Pentsioetan murrizketarik ez! Lan erreformak indargabetu. Ez gaitzazue Madrilen saldu" lelopean egindako manifestazioetan, era berean, Europako funtsak "amarrua" direla ohartarazi dute. Gainera, ez dute baztertu greba orokorra deitzea "erreformak baldintzatzeko".
Bilboko mobilizazioan izan da Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia. Martxa 11:30ean abiatu da Udaletxeko plazatik, eta bertan ziren, besteak beste, Tubacexeko eta Novaltiako langileak.
Donostian, berriz, manifestazioa Boulevardetik abiatu da, eta Gasteizkoa Ama Zuriaren plazatik Matxeteraino joan da, industria eta zerbitzu sektoreetako ordezkari ugarirekin.
Lakuntzak ohartarazi du hamarkada bat daramatela "azken pentsio eta lan erreformen ondorio gogorrak pairatzen", eta Europako funtsak ez direla "opari bat" izango, "amarrua" baizik, baldintza batzuen menpe egongo direlako.
"Aurreko krisian diru publikoa banketxeetara joan zen, eta orain enpresa handietara bideratu nahi dute lan erreforma ez indargabetzearen eta pentsioak okertzearen truke. Hori da Pedro Sanchezek Europar Batasunarekin egin duen ituna", salatu du.
Lakuntzak gogor hitz egin du Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro espainiarraren aurka, "erretiroa beranduago hartzea edo pentsio txikiagoa jasotzea" proposatzen ari delako. "'Belaunaldi arteko parekotasun mekanismoa' deiturikoa erabiliz egin nahi dute, etorkizuneko gobernuek nahi dutena egin dezaten pentsioekin", azaldu du.
Bestalde, lan erreforma indargabetzearen garrantzia berretsi du, Euskal Herrian aplikatzen diren lan-hitzarmenak "hemen sinatutakoak" izan daitezen eta Lan Erregulazio Txostenak ez izateko "etekinak dituzten enpresek kaleratzeak nahieran egiteko tresna".
"Zoritxarrez, erabaki horiek Madrilen hartzen dira oraindik, baina Euskal Herritik baldintza ditzakegu. Sanchezen Gobernuak ez du gehiengorik eta euskal alderdien babesa behar du. Horregatik atera gara kalera, EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi eskatzeko pentsioetan murrizketarik ez onartzeko eta lan erreformaren indargabetzea babesteko", azpimarratu du.