Ekonomia -
Maiatzaren Lehena
LABek 25 mobilizazio baino gehiago prestatu ditu, "aldaketa da aukera" lelopean
Garbiñe Aranburu sindikatu abertzaleko idazkari nagusiaren ahotan, "pandemiaren osteko fasean greba eta mobilizazio berriak beharrezkoak izango dira".
EiTB Media | Agentziak
Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin du LAB sindikatuak, politika publikoen “norabide aldaketa” aldarrikatzeko, eta pandemiaren osteko garaian “indartsu” sartzeko, non greba eta mobilizazio gehiago iragarri ditu.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Maider Jauregi sindikatuko komunikazio arduradunak Maiatzaren Lehena ospatzeko leloa, kartela eta mobilizazioak aurkeztu dituzte Bilbon.
LABek Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan bakarrik ospatuko du eguna, "Aldaketa da aukera!” lelopean, baina Ipar Euskal Herrian beste kolektibo batzuekin batera egingo du. Guztira, 25 mobilizazio baino gehiago antolatu ditu sindikatu abertzaleak. Sindikatuko idazkari nagusiak Bilboko mobilizazioan parte hartuko du.
Martxan dagoen lan eta sindikatu borrokari eta “etorkizuneko” erronkei bultzada emateko helburua du LABek Maiatzaren Lehenean. Aranbururen hitzetan, “pandemiaren osteko fasean greba eta mobilizazio berriak beharrezkoak izango dira”, “errealitateak hortara eramango gaituelako”.
Pandemian zehar kapitalaren interesa “lehenetsi” dela salatu du LABeko buruzagiak, osasun eta zaintza sistema publikoa sendotzeko neurriak “faltan botaz”.
Gainera, lan erreformek “deuseztatu dituen lanpostu mordoaren” aurrean, Eusko Jaurlaritzak “langileak abandonatu” dituela uste du Aranburuk. Beharginak “lanpostua defendatzen” ari direnean, “gehiegitan Ertzaintza bidali dute haiek zapaltzeko”, aurpegiratu du.
Tubacexeko langileak, “duintasun eredua”
Era berean, Tubacexeko langileen “borrokan” bezalaxe, enpresek “elkarrizketaren bidez konponbidea bilatu beharrean, mehatxuak, presioa eta xantaia nahiago dituzte”, deitoratu duenez. Zentzu horretan, Tubacexeko beharginak “duintasun eredua” direla uste du.
Bestalde, Europako testuinguruan pandemiaren krisiari aurre egiteko planteatzen ari diren dirutza publikoa “trantsizio energetikoan eta digitalizazioan kapitalismoaren beharrizanak” asetzeko erabiliko dute, ohartarazi du.
Horren aurrean, eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatu du, “Euskal Herrian ezkerretik, langileen protagonismotik eta herriaren burujabetzan sakonduz egin beharreko” aldaketa baten bidez.
Aranbururen ahotan, “beste eredu baterantz joateko gehiengo soziala dago”, sektore ezberdinetan egindako mobilizazioetan, “kaleetan ikusi delako”.