Ekonomia -

Hidrogeno berdearen industria

78 enpresa eta erakundek Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute

1.300 milioi euroko inbertsioa ekarriko du 2026ra arte, eta 8.000 lanpostutik gora sortuko ditu. Beste 60 konpainia ere ekimen honetan parte hartzea pentsatzen ari dira.

78 enpresa eta erakundek Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute. Arzkia: EFE
78 enpresa eta erakundek Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute
78 enpresa eta erakundek Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute. Arzkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

78 erakunde publiko eta pribatuk Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute astelehen honetan Bilbon, besteak beste, energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten lagunduko duen ekimena. 1.300 milioi euroko inbertsioa ekarriko du 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako 6.700 sortuko ditu.

Zortzi erakunde publikok, 12 prestakuntza-zentrok eta enpresa-elkartek eta 58 enpresak sinatu dute gaur Korridore honi atxikimendua. Hala ere, beste 60 konpainia ekimen honetan parte hartzea pentsatzen ari dira. Proiektu honen helburua EAEn "hidrogenoaren ekosistema" sortzea da, energia, industria, zerbitzuak eta mugikortasun sektoreen deskarbonizazioan aurrera egin ahal izateko.

Petronor-Repsolek bultzatutakoa proiektu honek 34 ekimen zehatz ditu. Urtean 20.000 tona hidrogeno ekoitzi nahi ditu eta horrek, atmosferara urtean 1,5 milioi tona CO2 gutxiago isurtzea ekarriko luke.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu du sinatze-ekitaldian, eta gogorarazi du proiektu hori Europako berreraikuntzarako funtsak jasotzeko Jaurlaritzak proposatutako proiektuetako bat dela (400 milioi euro eskatzen dira).

Sailburuak nabarmendu duenez, proiektu hori "gauzatu egingo da". Europar Batasunaren babes finantzarioa izanez gero, "aurrera egiteko eta ekimenak bizkortzeko" baliko du, baina Europako baliabiderik ez badago ere "aurrera" jarraituko duela esan du.

Hidrogenoaren aldeko apostua

Trantsizio energetikorako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako hidrogenoa "ezinbesteko elementua" dela azpimarratu du Tapiak , eta gaineratu du "beharrezkoa" dela esparru horretan "posizionamendu estrategikoa" hartzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoak "parte izan behar duela".

Europar Batasunak energia deskarbonizatzeko hidrogenoaren aldeko "apustu argia" egin duela gogorarazi du eta Europa "eraldaketa horren lider" bihur daitekeela azpimarratu du. EAE estrategia horren "hub" gisa koka daitekeela uste du Tapiak, erkidegoaren "indarrak" kontuan hartuta.

Horretarako, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak baduela "estrategia global" bat energiaren alorrean, eta orain estrategia horrek bat egiten duela Hidrogenoaren Korridorearekin, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta parke teknologikoen bidez, aberastasuna eta enplegua sortzeko balioko duen eraldaketa industriala lortzen laguntzeko.

Emiliano Lopez Achurra Petronorreko presidentearen esanetan EAE "beti izan da protagonista" Espainiako Estatuko garapen industrial energetikoan, eta etorkizunean, korridore horrekin, hidrogeno europarraren estrategian eragile esanguratsua izan daitekeela uste du. "Atlantikoko euroeskualdearen ardatz teknoindustrial bihurtzeko" EAEk kokapen geografiko "pribilegiatua" duela uste du.

Raul Blanco Espainiako Gobernuko Industria eta ETE idazkari nagusiak, bestalde, Hidrogenoaren Euskal Korridorea hidrogeno berdearen industria bat sortzeko "mugarria" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Petronor bideoak Repsol bideoak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Industria gaur Kutsadura gaur