Ekonomia -
Zaldibar Argitu
"Justizia eta erantzukizunak" eskatu dituzte berriro, hamar hilabete geroago
Mobilizazioekin Eitzagako zabortegian gertatutakoa "ez ahaztea" nahi du Zaldibar Argitu plataformak, eta "Joaquin behingoz aurkitzea".
Agentziak | Erredakzioa
Eitzagako zabortegian gertatutako luiziarengatik erantzukizunak garbitzea eta “justizia” eskatu du Zaldibar Argitu plataformak berriro igande honetan. Horretarako, mobilizazioak egin dituzte. Hamar hilabete pasa dira lan-istripua gertatu zenetik.
Luiziak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak azpian harrapatu zituen. Sololuzeren gorpuzkiak iragan abuztuan aurkitu zituzten, baina Beltranenak ez dira oraindik agertu.
Plataformako bozeramaileek azaldu dutenez, mobilizazioekin Eitzagako zabortegian gertatutakoa “ez ahaztea” nahi du dute, eta “Joaquin behingoz aurkitzea”. “Lanean jarraitzea eta familiak atseden hartzea nahi dugu”, erantsi dute.
Era berean, “interes pribatuen gainetik herritarren osasuna jartzea” eskatu dute, eta hilabete hauetako guztietako informazio falta salatu dute.
Zentzu horretan, politikariei “aurpegia emateko” eskatu diete, eta “justizia” eta erantzukizunak “pribatuak zein publikoak” garbitzea aldarrikatu dute.
Bozeramaileen hitzetan, “erantzun oso gutxiko eta erantzukizunik gabeko” hamar hilabete izan dira. Zabortegien kudeaketa eredua aldatzea eskatu dute, “berriz berdina gertatzea” nahi ez dutelako.
Ekitaldiak Zalla, Etxebarri, Markina, Zaldibar eta Elgetan
13:00etan lore eskaintza eta elkarretaratzea egin dituzte Zallan, eta ordu berean protesta egin dute Etxebarrin eta Markina-Xemeinen.
Ordu erdi geroago, manifestazioa abiatu da Zaldibarko autobus geltokitik, eta herriko kaleetatik ibilbidea egin du. Azkenik, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Elgetako plazan.