Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Tapia: "Aeronautikan ondorioak arintzeko baliabide guztiak erabiliko ditugu"
Enpresa horietan "egun beltzak" bizitzen ari direla deitoratu du EH Bilduk, eta Aernnovak Berantevillako lantegian iragarritako kaleratzeak adibide bezala jarri ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko aeronautika sektoreko enpresek har ditzaketen "neurriak, modu ez traumatikoan hartzeko", Eusko Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela ziurtatu du Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen galdera bati erantzun dio sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Enpresa horietan “egun beltzak” bizitzen ari direla deitoratu du koalizioko ordezkariak, eta Aernnovak Berantevillako (Araba) lantegian iragarritako kaleratzeak adibide bezala jarri ditu.
“Konponbide ez traumatikoak” bilatzeko erakundeen parte-hartzea aldarrikatu du Casanovak, sektorearen krisia “koiunturala” delako. Diru-laguntza publikoak jaso dituzten enpresetan kaleratzeak iragartzen baldin badira, Eusko Jaurlaritza “zorrotza” izan behar da, “gaurko, iraganeko eta etorkizuneko laguntzak enpresen erantzunkidetasun eta enpleguaren defentsarekin uztatu behar direlako”, adierazi duenez.
“Neurriak hartu behar baldin badira modurik ez traumatikoenean hartzeko” Exekutiboak “eskura dituen baliabide guztiak” erabiliko dituela argi utzi du sailburuak.
“Eragile guztiekin elkarlanean aritu ahal izatea, malgutasun orokorreko neurrien bidez, lan poltsak sortuz, epe luzeko lan erregulazioen eta mekanismo mota anitzen bitartez enpresen biziraupena bermatzeko”, defendatu du Tapiak. Konponbideak “salbuespeneko tresnekin” lagunduko dituztela zehaztu du sailburuak.
“Gure helburua zorrotza da, eta izango da, publikoan zein pribatuan berdina. Garrantzitsuena eustea da orain. Bide horretatik jarraitu behar dugu: zorrotzak bai, baina epe labur zein luzera lagundu ere bai”, azpimarratu du.
Juan Carlos Gomez Aernnovak Berantevillan duen lantegiko enpresa-batzordearen presidenteak Ganberako pasilloetan deitoratu duenez, Tapiak lanpostu guztiak mantentzeko neurri zehatzak ez ditu argi utzi.
“Konponbidea zero kaleratze eta neurri koiunturalak bilatzea da, estutasunak gainditzeko”, esan du Gomezek. Eusko Jaurlaritzari mahai gainean “neurri zehatzak” jartzeko eskatu dio. “Enpresei diru publikoa ematen zaienean, enpresaburuek konpromisoak hartu behar dituzte”, azpimarratu du.
Lantegiko beharginek eta langileen ordezkariek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, lanpostuak ez deuseztatzea aldarrikatzeko.
Greba mugagabea PCBn
Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek greba mugagabea iragarri dute ITP Aero Castingseko (PCB) lantegietan. Lanuztea abenduaren 2an hasiko da Barakaldoko eta Sestaoko fabriketan, zuzendaritzak iragarritako 133 kaleratzeen aurka protesta egiteko.
Lanpostuen “defentsan” abenduaren 2an greba mugagabea hasiko behar dutela iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek.