Ekonomia -
Koronabirusa
Turismo-bonoen banaketa atzeratu dute EAEn, osasun larrialdia dela eta
Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek bilera bat egingo dute datorren astean merkataritza, turismo eta ostalaritza sektoreei laguntzeko plan bat egiteko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoerak hobera egin arte, 'Euskadi Turismo Bonoak' programa bertan behera uztea erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek.
Tabernetan, jatetxeetan eta hoteletan kontsumitzeko herritarrei zuzendutako bost eta 20 euro arteko deskontu-bonoak dira. Ekimen horretara 8,7 milioi euro bideratu dituzte erakundeek, eta asteazken honetan jarri behar zuten abian.
Alabaina, osasun egoera larriagatik Eusko Jaurlaritzak, inguruko gobernuek nahiz beste herrialde batzuetako agintariek ezarritako neurri murriztaileak kontuan hartuta, turismoa bultzatzeko bonoak zirkulazioan ez jartzea erabaki dute.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu duenez, sektore horretako eragileekin batera adostutako erabakia izan da. "Ziurgabetasun egoera honetan, malgutasunez eta adostasunak bilatuz" jardutea ezinbestekotzat jo du eta onartu du testuinguru honetan programa hori martxa jartzea ez dela bideragarria.
Horrez gain, Hurtadok iragarri du datorren astean erakundeen arteko bilera bat egingo dutela, turismoari, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko neurriak bilduko dituen "erresistentzia plana" egiteko asmoz.
Batzar horretan Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariak izango dira.