Ekonomia -
Koronabirusa
Mila lagunek baino gehiagok ostalaritza babestu dute Bilbon, manifestazioan
Deseskalatze-prozesuan tabernak eta kafetegiak irekitzeko baldintzengatik protestatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
'Hosteleria en Pie de Guerra' plataformak mila lagun baino gehiago batu ditu arratsaldean Bilbon, Kale Nagusia zeharkatu duen manifestazio batean; manifestazioaren helburua izan da COVID-19aren pandemiagatik dekretatutako alarma-egoerako deseskalatze-prozesuan tabernak eta kafetegiak irekitzeko baldintzengatik protestatzea.
Manifestazioa 20:30ean abiatu da, Bilboko Plaza Biribilatik. Ezkerraldeko, Eskuinaldeko, Bizkaiko Meatzaldeko eta Bilboko Alde Zaharreko ostalariak izan dira, eta euren saltokien izenak erakutsi dituzte, hainbat kartelatan.
Maskarak aldean zituztela, eta segurtasun-tartea zainduta, manifestazioaren burua Moyua Plazara iritsi da; orduan, parte hartu duten azken ostalariek oraindik Plaza Biribilatik irten gabe zeuden.
Txalo artean, ondorengo mezuak erakutsi dituzte: "Ostalaritza borrokan", "Bankariari lagundu zenioten, lagundu ostalariari", "Aukera hauek ez dira konponbideak", edo "Ostalaritzaren heriotza, Gobernua eman irtenbidea".
Halaber, hau oihukatu dute: "Tabernak ez dira hiltzen, hiltzen dituzte", "Tabernarik gabe ez dago bizitzarik auzoan", edo "Erakundeok, irtenbide gehiago".
Konfinamendua malgutzeko 1 fasean (igandera arte izango da indarrean Euskadin), ostalaritza baimendutako terrazen % 50 ireki ditzake, baina ez tabernetako eta kafetegietako barnealdea; astelehenean hasiko den 2 faserako, Eusko Jaurlaritzak proposatu dio Espainiako Gobernuari barnealdea ere ireki ahal izatea, % 50ean, betiere bezeroak mahaian egonda, eserita, eta bi metroko tartea zainduta. Beraz, autozerbitzua eta barra-zerbitzua ez lirateke baimenduta egongo.
Jaurlaritzaren esanetan, neurri hori proposatzen dute “nahasmendu txikiagoa izan dadin”, eta edukiera berdina izan dadin lokaleko barnealdean eta kanpoaldean.