Ekonomia -
Langileen nazioarteko eguna
Maiatzaren Lehena, eredu sozial eta ekonomiko berria aldarrikatzeko agertokia
Alarma egoera izango da aurtengo maiatzaren 1a gehien baldintzatuko duena, eta manifestazioak egin beharrean, balkoi, leiho eta sare sozialak izango dira sindikatuen eta langileen borroka eremua.
agentziak
Sekula ahaztuko ez duten Maiatzaren Lehenaren izango da aurtengoa langilegoarentzat, koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoeran. Pandemiak erdigunean jarri du, sekula baino gehiago, lan osasuna, eta lantokian COVID-19arekin ez kutsatzeko babes neurrien aldarrikapena.
Erakunde gehienek ontzat eman zituzten langabezia datuak jakin ostean iritsiko da, baina milaka Aldi Baterako Lan Erregulazio Txosten indarrean direla. Hain zuzen ere, txosten horiek langileen bizi baldintzetan ahal den eragin txikiena izatea aldarrikatuko dute sindikatuek.
Irudi komuna partekatuko dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, eta irudi hori balkoietan eta leihoetan erakusteko deia egin diete euskal herritarrei.
Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak "kapitalismoaren porrota eta erantzun kolektiboen beharra" agerian utzi duela salatuko du ELA sindikatuak maiatzaren 1ean. Halaber, zerbitzu publikoak eta "oinarrizko lanen balioa" indartzeko, eta "gure ekonomia lurraldean sustraitzeko", "austeritate politika alde batera uztea" eta "aldaketa handiak" egitea eskatu du.
Aurreratu dutenez, sindikatuak Euskal Herrian "eta mundu osoan" koronabirusaren ondorioz hildako guztiak gogoratuko ditu, eta Mitxel Lakuntzak, internet bidez zabalduko du bere mezua, bideo batean, eguerdiko 12:00etan.
Bestalde, COVID-19aren krisiaren ondoren "normaltasun berria" eraiki nahi du LAB sindikatuak, egungo "eredu kapitalista" alde batera utzita. Horregatik, langileen nazioarteko egunean, maiatzaren 1ean, "bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat" aldarrikatu du sindikatu abertzaleak.
"Ez dugu nahi kapitalismoa oinarri duen normaltasunera itzuli, non ezinezkoa den bizitza duin bat garatzea eta non planeta suntsitzen den. Horregatik, maiatzaren lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat nahi dugula aldarrikatuko dugu", adierazi zuen Garbiñe Arabanburu LABen idazkari nagusiak. 12:30ean aldarrikapen egun honetarako mezua zabalduko dute sare sozialen bidez.
Azkenik, EAEko CCOOk eta UGTk elkarrekin ospatuko dute berriro Maiatzaren Lehena “Lana eta zerbitzu publikoak. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat posible da” lelopean, eta sare sozialetan “manifestazio birtuala” egiteko deia zabaldu dute.
Sindikatuek prentsa-ohar batean azaldu dutenez, sare sozialetan, 13:00etik aurrera, enpleguaren eta lan segurtasunaren aldeko argazkiak partekatzeko deia egin diete afiliatuei, “manifestazio birtual” moduko bat egiteko.
Koronabirusaren pandemiak markatutako Maiatzaren Lehenean, CCOOk eta UGTk salatu dute osasun krisiak agerian utzi duela “eredu sozialaren eta ekonomikoaren ahultasuna eta injustizia”.