Ekonomia -
Koronabirusa
Pandemiarengatik lan egin ezin duten artistentzako laguntzak onartu dituzte
2,5 milioi euroko diru-partidarekin, kultur jardueraren etenaldiak kaltetutako EAEko artistek batez besteko diru-sarreren % 70 edo hilean 1.200 euro jasoko dituzte gehienez.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko diru-laguntza onartu du pandemiaren ondorioz kultur jarduera eten behar izan duten artistentzat, eta batez besteko diru-sarreren % 70 edo hilean 1.200 euro jasoko dituzte gehienez.
Soldata eta jarduera irregularra duten langileak direnez, laguntzaren zenbatekoa iazko errenta aitorpeneko hilabeteko batez bestekoa hartuko dute kontuan.
Lanean aurten hasi direnen kasuan, hau da, 2019an aitorpenik egin ez zutenek, gutxieneko soldata jasoko dute, 950 euro.
"Aparteko" laguntza horiek atzeraeragina izango dute, alarma egoera ezarri zenera arte, eta kultur jarduerari berriro ekin arte luzatuko dute, baina sei hilabetez gehienez.
Esklusiboki kultur jarduera bat egiten duten profesionalek eska dezakete laguntza, eta hori egiaztatzeko, errenta aitorpeneko diru-sarreren % 60 hortik datorrela erakutsi beharko dute.
Laguntza lanbide hauei dago bideratuta, besteak beste (Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute zerrenda zehatza): aktoreak, abeslariak, musikarik, dantzariak, zirkoko artistak, soinu teknikariak, zine eta antzerki zuzendariak, errejidoreak, margolariak…
Lanbiden aurkeztu behar dira laguntza eskaerak, eta ez dira bateragarriak izango jarduera eteteagatik ematen ari diren laguntzekin, langabeziarekin edo diru-sarrerak ordezkatzeko beste edonolako laguntzarekin.