Ekonomia -

Pandemia

Autonomoen, dendarien eta ostalarien zergak atzeratzea eskatu du Legebiltzarrak

Atzera bota dute EH Bilduren ekimena, "hein handi batean" zergen ordainketa bertan behera uztea, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga barkatzea, eta gastu finkoetarako funts bat sortzea eskatzen zuena.

Ostalaritza. Argazkia: EiTB
Ostalaritza. Argazkia: EiTB
Ostalaritza. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak zergen atzerapen orokorra eskatu du, konfinamenduak irauten duen bitartean, alarma egoerarengatik jarduera eten behar izan duten autonomoentzat, ostalarientzat, dendarientzat eta turismo establezimenduentzat.

Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrak EH Bilduren ekimen bat eta Jaurlaritzako alderdien (EAJ eta PSE-EE) osoko zuzenketa bat eztabaidatu ditu gaiaren inguruan. Azken hori atera da aurera Elkarrekin Podemosen eta PPren abstentzioari esker.

EH Bilduren jatorrizko proposamenean (Elkarrekin Podemosek babesa eman dio) zergen ordainketa atzeratzeaz gain, "hein handi batean bertan behera" uztea eskatzen zen, Ondasun Higiezinen gaineko zerga barkatzea, eta gastu finkoetarako funts bat sortzea.

Azkenean onartu duten osoko zuzenketa horretan, zergen ordainketa atzeratzea eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga malgutzeko neurriak proposatzen dira. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakunde eta kaltetutako sektoreei pandemiarengatik "galera handiak" izan dituzten establezimenduentzako laguntza funtsa adostea eskatzen zaie, eta jarduera bere onera itzultzen denean kontsumoa bizkortzeko egitasmoren bat egitea.

Diputazio Iraunkor telematikoan izan duten eztabaidan, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak "hitz onak" baztertzeko eta "dirua" emateko eskatu dio Jaurlaritzari, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzeko, neurriak ez badira orain hartzen "faktura handiagoa izango delako ekonomikoki eta sozialki".

"Ez baldin bagara martxan jartzen, gure historiako merkataritza hondamendi handienaren aurrean egon gintezke", ohartarazi du Iriartek, autonomoentzako 3 milioi euroko laguntza "oso pobrea" dela salatu aurretik. Izan ere, gogorarazi duenez, 3.000 euro jaso daitezke gehienez, eta horrek 1.000 autonomorengana iristea suposatuko luke, hau da, kolektiboaren % 0,6rengana; eta laguntza autonomo guztiei emanez gero, bakoitzari 16 euroko laguntza apurra geratuko litzaioke.

Eusko Jaurlaritzako taldeetatik, Alaitza Zabalak (EAJ) onartu du Lanbidek autonomoei emango dizkien laguntzak "eskas" geratu direla, eta handitu egin beharko direla.

Yahcov Ruiz Elkarrekin Podemosen ordezkariak, berriz, ohartarazi du merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan enpresa handiak ere badaudela, eta laguntzak enpresa txiki eta ertainetan eta autonomoetan zentratu beharko liratekeela. Gainera, laguntza jasotzeko enpleguarekiko konpromisoa eskatzea exijitu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Turismoa Euskadi Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Gaixotasunak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Merkataritza Koronabirusa